Diario de Burgos egunkariak berri eman duenez, ezezagun batzuk Trebiñuko Konderriko udaletxeko balkoira igo ziren ostiraletik larunbaterako goizaldean, Espainiako, Europako eta Gaztela eta Leongo banderei su emateko. Jarraian, ikurrina jarri zuten erdiko mastan.
Guardia Zibilak baieztatu du gertatutakoa, eta azaldu du Polizia Judizialaren Unitateak egingo duela jazotakoaren ikerketa, kalteen delitu bat bezala. Gaur goizean bertan Guardia Zibilak ikurriña kendu du udaletxeko balkoitik.
Bere aldetik Adolfo Estavillo Trebiñuko Konderriko alkateak salaketa jarri du gaur goizean Guardia Zibilaren kuartelean; eta gertatutakoa "bandalismo" ekintzatzat hartu du. Azaldu duenez, beste kalte batzuk ere izan dira herrian asteburuan, hala nola zakarrontziak erretzea, kristalezko botilak apurtzea eta harrizko horma bat txikitzea. Arabako beste hainbat herritan bezala, Trebiñun ere sanjoanak ospatu dituzte asteburuan.