Trebiñuko liburutegi komunitarioen sarera batu da Taravero, herriko elizaren atarian liburuak uzteko armairua paratu baitute.
Trebiñuko Udalak ohar batean iragarri duenez, dagoeneko hamar dira proiektura batu diren herriak. Trebiñu beraz gain, Burgeta, Uralde, Añastro, Arrieta, Dordoniz, Agilu, Argote, Lañu eta Taravero herrietan aurkitu ahal izango dira liburuak.
Iragarri dutenez, liburuak armairu berean hartu, irakurri eta utzi behar dira ondoren. Hau funtsezkoa izango da liburu bakoitza non dagoen jakiteko. Izan ere, iragarri dute datu base bat osatzen ari direla, eta hori udalaren webgunean kontsultatu ahal izango dela. Modu horretan, edozein herritarrek jakin ahal izango du herri bakoitzean zein titulu aurkitu.