Ohituta gaude aspaldi sortu zen kondairak entzuten, eta horiek tradizioaren baitakotzat jotzen ditugu. Dena dela, guztiek izan zuten abiapuntu bat, kondairak etengabe sortu, berritu eta eraldatzen direlako. Horregatik, Otxaterena eraketa aktiboan dagoen folklorearen adibide esanguratsuenetakoa da Araban. Azken hamarkadetan kontatutakoei kasu eginez gero, Trebiñuko herri hustuan kondaira eta ustezko misterioen benetako azoka bat eratu da. Gaia behar bezalako sakontasunez arakatu duten ikertzailek behin baino gehiagotan ezeztatu dute herria hustu izanaren abiapuntua hiru izurrite misteriotsu izan zirenik. Aintzat izanda gezur hori abiatu zuen laguna bertako ustezko Objektu Hegalari Ezezagun baten argazki ospetsuaren egilea dela, bigarren honi ere nekez eutsi dakioke. Dena dela, bertan egon den hainbat pertsona sinetsita daude gauza arraroak ikusi dituztela. Sarrien errepikatu izan den kontakizuna izaera etereoa duen emakume baten agerpenari buruzkoa da. Otxateko dama deitu izan zaio zenbaitetan. Bihurguneko neskaren hiri kondairaren aldaera baten modukoa da, baina tradizio zaharragoekin lotzen duen ezaugarria eman diete zenbaitzuek: andre horri ez zaizkio oinak ondo ikusten. Hala, antzinako lamiek zituzten oin bereziak ere modu bitxi honetan iritsi dira gaurdaino.
Argazkia: ALEA.