Agur esan diete Trebiñuko berdintasun eta ingurumen teknikariei

Erredakzioa 2023ko abe. 4a, 12:58

Ingurumen eta Berdintasuneko teknikarien lana eskertu dute Trebiñun. AICT

AICT talde independenteak salatu du PPren eta TDTren gobernu taldeak bi udal lanpostu kendu dituela, "beharrezkoak ez direla argudiatuz".

Agur beroa egin diete ostiralean Trebiñuko Konderriko Ingurumeneko eta Berdintasuneko udal teknikariei. AICT talde independenteak azaldu du biek lan handia egin dutela konderrian, eta herritarren harrera eta errekonozimendua lortu dutela. Alta, AICTk salatu duenez, Trebiñuko gobernu taldeak –TDTk eta PPk– bi lanpostu horiek ezabatzea erabaki zuen iraila eta urria bitartean, "beharrezkoak ez direla" argudiatuz. Aldofo Estavillo alkatearen hitzetan, zinegotzi delegatu berriek hartuko dute lan hori guztia, aurrekoek "bezala edo hobeto egiteko".

AICTk nabarmendu du bi teknikariek hamaika proiektu garatu dituztela beren arloetan azken urteetan. "Berdintasun teknikariak konderriko emakumeen jakintzak berreskuratzeko plana garatu du, baita Trebiñuko Berdintasun Plana ere; ikastaroak eta tailerrak egin ditu; irakurketa feminista taldea sortu du, hitzaldiak eta film eta dokumentalen proiekzioak egin ditu; eta berdintasunaren alde, gizonekin eta nerabeekin ere lan egin du". Gainera, AICT taldeak azaldu duenez, proposamen horietako asko elkarlanean eta zeharka egin dira udaleko sailen artean.

Halaber, Ingurumen teknikariaren lanari esker, "herrian pilak, bonbillak, olioa eta arropa gordetzeko edukiontziak daude; konpostajerako balio izan duten zurezko hondarren birringailua erosteko dirulaguntza lortu du; komunitateko konpostagailuentzako eta udalerriko 150 etxe baino gehiagotan dauden etxeko konpostagailu bakoitzarentzako beste dirulaguntza bat lortu du; konpostajeko 15 ikastaro baino gehiago eman ditu; baratzeko edo fruta arbolen inausketako hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditu; herri bakoitzerako tresnak biltzeko kartelen dirulaguntza izapidetu du; Ihuda Zentroko eguzki-plaketarako dirulaguntza lortu du,  bideak eta bidexkak diseinatu ditu; eta lan eta proiektuen zerrenda luzea egin du".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago