Argantzonek 605.000 euroko aurrekontua izango du aurten

Erredakzioa 2023ko urt. 31a, 16:30

Argantzongo Udalak urtarrilaren 27an onartu zituen 2023rako aurrekontuak. / ALEA

Eraginkortasun energetikoa izango da Argantzongo Udalaren 2023rako aurrekontuen ardatz nagusia, besteak beste, eguzki-farolak eta plaka fotovoltaikoak instalatuz. Horrez gain, lorezaintzako peoi bat kontratatuko dute udal plantillan.

Argantzongo Udalaren osoko bilkurak joan den ostiralean, urtarrilaren 27an, onartu zuen 2023. urterako aurrekontua. Guztira, 605.000 euro izango ditu Trebiñuko udalerriak, hau da, iaz baino 20.000 euro gehiago. Aurrekontu osoaren %17 inbertsioetara bideratuko du.

Horrela, energia eraginkortasuna eta aurrezpena hobetzeko estrategiari eutsiko dio Argantzonek, eta, besteak beste, 18.800 euro bideratuko ditu eguzki-farolak instalatzeko bigarren faseari.

Horrekin batera, hainbat partida izango dira urtean zehar udalerriko azpiegiturak hobetzeko:

  • 11.000 euro erromesen aterpetxeko leihoak aldatzeko.
  • 10.000 euro Udalaren erradiadoreen ordez kontsumo txikiko beste batzuk jartzeko.
  • 70.000 euro baino gehiago autokontsumo kolektiboko plaka fotovoltaikoak instalatzeko frontoiaren estalkian, Next Generation Europako funtsen kontura.
  • Errota zaharra birgaitzea energia hidroelektrikoa sortzeko, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu ondoren, proiektua eguneratzen ari da, eta aurrekontu soberakinera joko dute martxan jartzeko.
  • 22.500 euro siloaren forjaketa-egitura indartzeko.
  • 19.000 euro Bila Okako zoladura ordezteko.
  • 11.700 euro Ibaialdeko haur parkeko lanen bigarren fasea egiteko: estalki bat jarri ondoren, haurrentzako eta aisialdirako parke bat sortuko dute.
  • 5.000 euro bide publikoko seinaleak hobetzeko.

Bestalde, langileen gastuetarako partida ere handitu egin dute: guztira, aurrekontuaren %27 bideratuko da lehen kapitulurako. Gainera, nobedade gisa, lorezaintzako peoiaren figura berria sartu da; aldizkako langile finkoen modalitatean, udal plantilan sartuko da hiru hilabetez lanaldi osoan.

Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkatea pozik agertu da lortutako akordioarekin, baita aurrekontu horiei esker "Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak finkatu" ahal izango direlako. "Udalerriko trantsizio energetikoan aurrerapausoak emango dira. Kalitatezko zerbitzu publikoak bermatu nahi ditugu, udalerriari zerbitzuak ematen dizkiotenen lan baldintzak hobetu nahi ditugu, eta, batez ere, klima aldaketaren aurkako borrokarekin konpromiso argia dugu, gure energia eraginkortasuna eta energia aurrezpena hobetzeko", gaineratu du alkateak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago