Gerra simulazioak egiteko zelai bat zabalduko dute Trebiñun

Erredakzioa 2022ko eka. 16a, 12:34
Soldaduz jantzita eta armen erreplikarekin jokatzen dute. FLICKR

Gasteizko Tacticool Custom airsoft enpresa ari da proiektua sustatzen; instalazioek 50.000 metro koadro inguru izango dituzte, eta Trebiñuko Cerro mendiaren ondoan kokatuko dira.

Udazkenean aurreikusi dute Arabako bigarren airsoft zelaia zabaltzea, Trebiñutik gertu, Cerro mendira doan ibilbidearen inguruetan. Tacticool Custom S.C. enpresak ia urtebete darama proiektuan lanean. Orain dela gutxi hirigintza baimena jaso dute, eta Trebiñuko udaleko arkitektoa ari da egitasmoa aztertzen. Oraingoz, jokatzeko eremuak 50.000 metro koadro izango ditu, baina jasotzen duten eskaeren arabera, zelaiaren tamaina 100.000 metroraino handitu daiteke.

Enpresak Burgosko hedabide batean azaldu duenez, "natura errespetatzen duten materialekin eraikitako attrezo ausarta" egongo da zelaian. "Hiri eremuan, biztanle eremuan, girotuko dugu, kaleak eta eraikin irekiak dituena. Guk labirintoa deitzen diogu. Bestalde, baso zati bat egongo da, landaredian ezkutatu ahal izateko".

Airsoft gerra simulazio bat da; partaideak goitik behera soldaduz janzten dira, eta benetako armen erreplikak erabiltzen dituzte, munduko armada eta indar bereziak imitatzeko. Hainbat ekintza imitatzen dituzte, hala nola bahituen erreskateak, talde terroristen atxiloketak, eraso baten defentsa edo etsaien lerroen arteko liskarrak. Militar eta polizia askok entrenamenduaren eta dibertsioaren arteko nahasketa gisa erabiltzen duten praktika da, eta azken urteotan gerra estrategiaren zale amorratuen artean ere gero eta jarraitzaile gehiago ditu.

Gopegiko zelaia

Araban, Gopegin, gerra simulazioa egiteko zelai bat dago, Tactical Airsoft Team-Los Vitorianos taldeak kudeatzen duena. Taldeak bere web orrian azaltzen duenez, zazpi hektarea ditu zelaiak, Gorbeiako Parke Naturalaren inguruetan, eta bi basoetan eta larre zabal batean egiten dituzte gerra ariketak. "Suediar ejertzitoa aukeratu dugu, eta haren kamuflaje bereizgarria (M90) erabili dugu ezaugarri nagusitzat", irakur daiteke.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide