Argantzongo eta Trebiñuko udalek Kudea–GO! izeneko aplikazioaren zerbitzua kontratatu dute, enklabeko biztanleen artean dauden mugikortasun arazoei aurre egiteko helburuarekin. Sakelako telefonoetarako aplikazio honen bitartez, erabiltzaileek eskura dituzte uneoro eskualdean mugitzeko dituzten aukerak. Batetik, garraio publiko desberdinetan dauden ordutegiak azaltzen dira. Bestetik, autoa partekatzeko dauden aukerak agertzen dira, bai eta hori prest egiteko daudenekin kontaktuan jartzeko moduak ere.
Udalek azpimarratu dutenez, zerbitzuak "mugikortasun positiboko sarea sortzen du eskualdeko pertsonen artean", eta, aldi berean, eskualdean zerbitzua eskaintzen duten garraio enpresekin harremanetan jartzen ditu herritarrak. Azaldu dutenez, plataforma hori bereziki landa eremuetan erabiltzeko pentsatuta eta diseinatuta dago, "garraio arazoei konponbidea eman behar zaien lekuetan, hain zuzen".
Oinarrizko zerbitzuak
Udalek diote jakitun direla garraioaren alorrean dauden arazoez. Adibidetzat jarri dituzte oinarrizko zerbitzuetara jotzeko zailtasunak —hala nola medikuarenera, bankura edo ikastetxera joateko—, bereziki gazteek mugitzeko dituzten mugak edota lanpostuetara mugitzekoak.
Bestetik, landa eremuan dauden beste zenbait arazo arintzen lagunduko duelakoan daude: klima aldaketari aurre egiteko CO2 isuriak murriztea, herritarren arteko "elkartasuna eta kohesioa" sustatzea, "belaunaldien arteko harremanak" sortzea eta "gune txikietan populazioa finkatzen" laguntzea.