Argantzongo dorrea Peña Maria izena duen muino harritsu baten gainean dago. Batetik, Zadorra ibaia igarotzen den haitzartea menderatzen du, eta, bestetik, Argantzongo pasabidea babesten du. Baso trinko batez inguratua daude dorrea eta gazteluaren azken aztarnak, baina ez dira gorde antzinako gazteluaren egitura gotortuak ezta bertan izan zen Erdi Aroko herrixkaren eraikinak ere.
Herriko latsarri kantariaren ondotik abiatzen da gaztelura bidea
Bertara iristeko aukera ugari dago, Gasteiztik edo Iruña Okatik. Argantzon herritik bertatik ere lau kilometroko ibilbidea egokitu dute bizilagunek, txango motz batean egin daitekeena. Halaber, Billa Okatik txango luzeago bat egin daiteke, Donejakue bidea erabilita, aldapa pikoak dituena, baina Argantzongo udalerriko bigarren herri lasaiaren eta ederraren txoko miresgarriak deskubritzeko aukera ematen duena. San Pedroko eliza da herriko harribitxia, denboran zehar hainbat aldaketa jasan dituen eraikuntza ikusgarria.
Gaur ikusten diren elementu gehienak XVIII. mendean izandako berregituraketaren ondorio dira, eta itxura barrokoa eman diote. Alta, jatorri erromanikoa du tenpluak, eta horren lekuko da portada erromanikoa. Lorez eta zulatutako zirkuluz egindako dekorazioa ikusten da, sigi-sagako lerro zabalak eta lau puntako izarrak, inguru horretako erromanikoan oso ohikoak. Gainera, portadak garai desberdinetako –barrokoa eta erromanikoa– polikromiak gorde ditu, bata bestearen gainean jartzen direnak. Hain zuen, San Pedro eliza ezkerrean utzi behar da, eta herriko latsarri kantariaren ondotik pasatu, antzinako Argantzon gazteluaren eta herriaren inguruetara doan bidea aurkitzeko.
Argantzongo herrixka
Azterketa sakona egin dute urte luzez Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologoek bertan, Jose Antonio Quirosen gidaritzapean, eta Argantzongo eremuan "laborategi pribilegiatu bat" aurkitu dute, inguruko lehen herrixkak nola sortu ziren aztertzeko, botereguneak nola eratu ziren jakiteko, eta Erdi Aroko herriak eta hiriak zergatik eta nola fundatu ziren ikusteko.
2011. urtean, Erdi Aroko herrixka gotortu bat aurkitu zuten Argantzongo dorrearen ondoan
2011. urtean, Erdi Aroko herrixka gotortu bat aurkitu zuten Argantzongo dorrearen ondoan, baita egoitza izaera zuen silarrixkako egoitza eraikina ere, eta bigarren dorre bat hegoaldean. Data zehatza falta den arren, Argantzon herriaren sorrera IX. eta X. mendeen artean koka daitekeela ondorioztatu zuten ikerlariek, eta lehenengo okupazioa defentsarako izan zitekeela. Berez, iturri arabiar batek dio 801. urtean, Kordobako Al-Hakam emirraren anaiak zuzendutako armada Ar.g.n.s ün-go haitzartean garaitua izan zela, Araba eta Gaztelari eraso egitera zetorrenean.
1199-1200 urteetan, Araba Nafarroako erresumaren eskuetatik Gaztelara igarotzen denean, Argantzun konkistatutako gotorlekuetako bat da. Hala, Gaztelako erregeen menpekoa izan zen XIV. mendearen erdialdean, gazteluari eraso egin zioten arte. Data horretan, harresiz kanpoko herria abandonatu zuten, eta hegoaldeko dorrea eraitsi zuten. Hala eta guztiz ere, dorrea berreraiki egin zuten, eta gaztelua berrokupatu, XV. mendearen amaierara arte. Orduan, betiko desegin zituzten eraikin guztiak, eta dorre bakar bat utzi zuten.
Dorre bakar hori Karlistaldian ere erabili zuten, baina amaitu zenean, lekua ez zen berriz okupatu, eta ordutik, gaztelua dorre zelatari bat baino ez da, hondamenean, iragan urrun baten lekuko.