Argantzongo Udalak joan den ostiralean, otsailaren 18an, eman zien argi berdea 2022. urteko aurrekontuei. Guztira, 588.000 euroko proiektu ekonomikoa izango da, eta 200.000 euro inguruko inbertsio-plana gehitu zaio.
Aurrekontuetan, besteak beste, El Molino kalea, Santa Maria eta Santiago artean, urbanizatzeko lehen fasea sartzen da; horretarako, 72.000 euro inbertituko ditu Udalak. Horrez gain, aisialdirako gune bat egokitzeko 40.000 euro inbertituko ditu. Errepide zaharraren pasealekurako hiri altzariak erostea 3.000 euro inguru kostatuko zaio, eta beste 20.000 euro aparkalekuetako argiteria publikoa hobetzeko inbertituko dira.
Gainera, 200.000 euro inguruko inbertsio-plana jaso dute aurtengo kontuetan. Inbertsio horietako gehienak klima aldaketaren aurkako borrokarekin lotuta daude: besteak beste, eguzki-plakak jartzea udal-pilotalekuan (50.000 euro), biomasa-galdara bat udaletxean (32.000 euro), udaletxearen kanpoko aldean arotz-lanak aldatzea energia-eraginkortasuna hobetzeko (23.000 euro) eta errotan zentral hidroelektriko bat sortzeko proiektua abiatuko da. Horrekin batera, bestelako esku-hartze batzuk baloratuko dira, hala nola, ur kontagailuak ordezkatzea edo udal pilotalekuko akustika hobetzea. Udalak espero du inbertsio horiek guztiak Next Generation europar funtsen bidez finantzatzea.
Era berean, Argantzonek egungoa ordezteko beste kale-garbigailu bat erostea aurreikusi du, zaharkituta dagoelako eta arazo asko sortzen dituelako. Erosketaren aurrekontua 75.000 euro ingurukoa da.
Pablo Ortiz de Latierro alkatea pozik agertu da kontuak onartzearekin: "Herritarren bizi kalitatea hobetuko duten inbertsioei aurre egin ahal izango zaie, eta urrats sendoak egin ahal izango dira klima aldaketaren aurkako borrokan eta energia trantsizioaren bidean", ospatu du.