EH Bilduk babesa emango die Trebiñuko Konderriko aurrekontuei

Erredakzioa 2022ko ots. 16a, 12:30

Aurrekontu akordioa erdietsi dute EAJk eta EH Bilduk. / ALEA

Trebiñuko Konderriko aurrekontuak babestuko ditu EH Bilduk. Talde independentistak 57.000 euroko proposamenak sartu ditu EAJko Udalaren 1,8 milioi euroko proiektu ekonomikoan.

Ostiral honetan, otsailaren 18an, 2022rako aurrekontuak bozkatuko dituzte Trebiñuko Udalaren osoko bilkuran. 1,8 milioi euroko proiektua aurkeztu du udal gobernuak, eta EH Bilduk gaur aurreratu du bere babesa emango duela, 57.000 euroko balioa duten hainbat partida zehatz txertatzea lortu ondoren.

Talde independentistaren proposamen nagusiak udalerriko eraginkortasun energetikoa hobetzeko ekintzak, energia berriztagarriak sortzeko hobariak, udalerriko gazteei etxebizitza alokatzeko aukera errazteko laguntzak eta kultura eta euskara sustatzea dira.

Eraginkortasun energetikoa

Ritxar Astegieta EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, Udala energia ikuskaritza egiten ari da EH Bilduren proposamenez. Hori dela eta, 12.000 eta 35.000 euroko bi kontu-sail sartu dira, auditoretza horretan biltzen diren ekintzak ezarri ahal izateko. Horrekin batera, hobariak ezarriko zaizkie eraginkortasun energetikoa edo energia berriztagarria sortzeko ekintzak egiten dituztenei; besteak beste, eguzki-plakak jartzeko edo energia komunitateak sortzeko.

Gazteak, euskara eta berdintasuna

Bestalde, gazteei begirako partidei dagokienez, bi kontu-sail sartu ditu EH Bilduk: 5.000 euroko bat udalerrian alokairuan bizi diren pertsonei diru laguntzak emateko —ordenantza baten bidez arautuko da—; eta beste 5.000 euro gazteenei zuzendutako kultur plan berezi bat garatzeko erabiliko dira.

Azkenik, hainbat partida handituko dira euskararen zein emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapenaren esparruetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago