Estatu kolpearen ostean frankismoak abian jarritako beldurrezko estrategiaren barruan, ezkerreko ideologien, errepublikanoen, abertzaleen edo anarkisten aurkako errepresioak zauri handia utzi zuen Trebiñun. Argantzonen kasuan, 1936ko uztailetik abendura bitartean, erreketeek eta falangistek osatutako eskuadroiek, tokiko agintari militarren laguntzarekin, gutxienez hamaika pertsona hil zituzten Las Conchas izeneko eremuan, erreka alboan. Biktimak herriko hilerrian erregistratu eta lurperatu zituzten.
Orain arte, biktima horietako sei baino ezin izan dituzte identifikatu: Juan Maria Codina Bañuls, Pedro Antero Gorrotxategi Aldai, Joaquin Hernandez Tabera, Inocente Muro Fernandez, Manuel San Juan Caño eta Agapito Vadillo Porres. Gainerako bostak ezin izan dira identifikatu; gaur egun beren gorpuzkiak hilerriko hezurtegian daude, eta, beraz, ezinezkoa da horiek berreskuratzea.
Argantzongo Udalak udalerrian frankismoak hildako biktimak omentzeko ekitaldia antolatu du igande honetan, ospitalearen alboko plazan, eta oroimenaren marka inauguratu dute hilerritik metro gutxira. Besteak beste, Pablo Ortiz de Latierro alkatea, hildako bi biktimen senideak eta eskulturaren egile Iñigo Arregi izan dira ekitaldian.
Oroimena, justizia eta aitortza
"Gerraren eta diktaduraren ondoren, urteak igaro ziren memoriarik gabe, egia berreskuratzeko beldurrez. Horregatik, gaur gure herrian hildako hamaika pertsona horiei omenaldia egin nahi diegu", adierazi du Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierrok. "Era berean, gerran eta diktaduran zehar kartzela, lan batailoiak, kontzentrazio esparruak, isunak, desjabetzeak, arazteak eta abar jasan zituzten pertsona horiek guztiak gogoratu nahi ditugu. Argi eta garbi esan nahi dugu ez dugula amore emango oroimenaren alde lanean jarraitzeko ahaleginean, baita justizia eta aitortzaren aldekoan ere".
Ildo beretik, azpimarratu du Bigarren Errepublika defendatu zutenak sinetsita zeudela "gizarte bidezkoagoa eta demokratikoagoa" eraikitzeko lanean ari zirela. 85 urte geroago, Argantzongo alkateak balio horiek berretsi eta "desberdinen arteko batasuna" aldarrikatu du, "elkartasunean, duintasunean, feminismoan, ekologismoan eta aberastasunaren bidezko banaketan oinarri sendoak izango dituen Argantzon bat eta Araba bat eraikitzeko".