Arabarron memoria

1936an frankismoak Argantzonen hildako hamaika biktimei omenaldia egingo diete

Erredakzioa 2021ko abe. 7a, 12:31
1936ko uztailetik abendura, Argantzongo hamaika bizilagun hil zituen frankismoak. / A.U.

Igande honetan, 12:00etan, memoriaren marka bat inauguratuko du Argantzonek, 1936ko uztailetik abendura bitartean frankismoak hildako hamaika bizilagunak oroitzeko ekitaldi batean.

Estatu kolpearen ostean frankismoak abian jarritako beldurrezko estrategiaren barruan, ezkerreko ideologien, errepublikanoen, abertzaleen edo anarkisten aurkako errepresioak zauri handia utzi zuen Trebiñun. Argantzonen kasuan, 1936ko uztailetik abendura bitartean, erreketeek eta falangistek osatutako eskuadroiek, tokiko agintari militarren laguntzarekin, gutxienez hamaika pertsona hil zituzten Las Conchas izeneko eremuan, erreka alboan. Biktimak herriko hilerrian erregistratu eta lurperatu zituzten.

Orain arte, biktima horietako sei baino ezin izan dituzte identifikatu: Juan Maria Codina Bañuls, Pedro Antero Gorrotxategi Aldai, Joaquin Hernandez Tabera, Inocente Muro Fernandez, Manuel San Juan Caño eta Agapito Vadillo Porres. Gainerako bostak ezin izan dira identifikatu; gaur egun beren gorpuzkiak hilerriko hezurtegian daude, eta, beraz, ezinezkoa da horiek berreskuratzea.

Argantzongo Udalak udalerrian frankismoak hildako biktimak omentzeko ekitaldia antolatu du abenduaren 12rako. 12:00etan hasiko da omenaldi ekitaldia, eta oroimenaren marka inauguratuko dute hilerritik metro gutxira. Besteak beste, hildakoen senideak eta eskulturaren egile Iñigo Arregi izango dira ekitaldian.

"Oroimenaren marka horrekin eta omenaldi ekitaldi honekin, gure herrian hildako hamaika pertsonak ekarri nahi ditugu gogora. Baina, gainera, frankismoaren biktima guztiak omentzeko balio izatea nahi dugu. Argantzonek zor bat zuela uste genuen, eta horregatik gure ekarpena egin nahi dugu oroimenaren alde lan egiteko, baina baita diktaduraren biktima guztiei justizia eta erreparazioa emateko ere", adierazi du Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierrok.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide