Emaginek Trebiñuko konderrian egin zuten lana nabarmentzeko argazki handi bat paratu dute Albaitako osasun-etxearen harrizko paretetan; eta ondoan emakumezko horien izen-abizenak: Petra Argote eta Generosa Argote, Albaitakoak; Teresa Otxaran eta Casilda Moraza, Paritzakoak; Isabel Gonzalez eta Aniana Markinez, Lañukoak; Daniela Ibisate, Uzkiokoa; Natalia Alonso, Feliciana Sarazibar eta Protasia Barrera, Markizkoak; Fermina Oil eta Severiana Albaina, Fuidiokoak; eta Victoria Las Heras eta Justa Gonzalo, Trebiñukoak.
Agnes Varda zinemagilearen lana izan da ekimenaren inspirazioa
Laia Eskolak antolatutako lantegi bati esker berreskuratu dute memoria hori. Manuela Garrido, Trebiñuko Berdintasun teknikariak azaldu duenez, oso dinamikoak dira Albaitako herritarrak, eta lana osatzeko ikerketa herriko emakumeek egin dute. "Emaginen lana jasotzen duen liburu bat badago, eta lantegietan parte hartu duen emakume batek ere izeba emagina zuen…". Hortik abiatuta, Arabako herrietan garrantzi handia izan duen lanbide baten nondik norakoak ezagutu ahal izan dituzte.
Ikasitakoa kalera eramateko, berriz, Agnes Varda frantziar argazkilari eta zinemagilearen Visages, villages –Aurpegiak eta herriak– dokumentalean inspiratu dira. Frantziako landa eremuko bizilagunen istorioak jaso zituen Vardak road movie formatuko lan horretan, JR argazkilari eta muralista ospetsuarekin batera.
Modu horretan, gainera, artean emakumezkoa nola tratatua izan den ere hausnartu dute. "Bi zati horiek jorratu dituzte Albaitan. Batetik emaginen memoria berreskuratu dute, eta memoria hori argazkietan jaso eta herriko kaleetan modu ikusgarrian erakutsi dute".
Hartara, iragan astetik komunitatean egindako arteak tokia partekatzen du Albaitak gorde dituen beste harribitxiekin. Izan ere, hainbat eraikin gararantzitsu daude herrian, eta litekeena da guztien artean inportanteena San Migel parrokia izatea. Eraikuntza zibilei eta herrikoiei dagokienez, errotak nabarmentzen dira, batez ere herrigunearen erdi-erdian dagoena eta 2006. urtean birgaitu zutena. Albaitan lau errota daude, eta horietako hiru San Migel elizaren ondoan dagoen bidezidor batean daude. Errota guztiek Barruntia errekatik datorren ubide baten bidez jasotzen dute ura, eta gaur egun lur azpitik igarotzen da.
Eliza inguratzen zuen Granado koleraren izurrite baten ondorioz desagertu zen
Albaitako San Migel eliza, berriz, konderriko beste eraikin erlijioso batzuekin alderatuta, bitxikeria klasizista bat da. Trebiñun, Erdi Aroko ondarea da nagusi, bai erromanikoa bai gotikoa; hala ere, Albaitako parrokiaren kasuan, errenazimendua eta neoklasizismoa nahasten dira. Dena den, eraikin hori baino lehen, Albaitak Erdi Aroko eliza bat izan zuen. Eliza hori eraitsi egin zuten, eta gaur egungoak ordezkatu zuen, XVI. mendean.
Alta, Erdi Aroko lekukorik bada Albaitatik bi kilometrora, Granadoko Ama Birjinaren tenplua. Eraikina, nabe bakarreko tenplu erromaniko bukolikoa da, XIII. mendean eraikitakoa. Tokiko istorioen arabera, eliza inguratzen zuen Granado herria koleraren izurrite baten ondorioz desagertu zen, eta bizirik atera zen emakume bat bakarrik geratu zen herriko ondasun guztiak inguruetan banatu zituena. Gaur egun, oraindik ere, Lañun bada kanpai bat, Granadoko kanpaia deitzen diotena; beraz, esan dezakegu istorioak baduela benetako zati bat.
Kuadrilla: Trebiñu.
Udalerria: Trebiñuko konderria.
Biztanleak: 16 (2020ko INEren datuen arabera).
Bitxikeriak: VII. eta VIII. mendeetan, bertako haitzulo artifizialetan familia batzuk bizi ziren.