Trebiñuko Konderriko eta Argantzongo udalek ohartarazi dute "deskoordinazioak" izan direla larrialdi zerbitzuetan, eta kasu horiek arriskuan jarri dutela artatutako hainbat pertsonaren osasuna.
Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzari eta Gaztela eta Leongo Juntari eskatu diete "premiaz" protokolo bat martxan jar dezala, 112 zenbakiaren bidez egiten diren larrialdi deiak arautzeko. Eskaera Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierrok (EH Bildu) eta Trebiñuko alkate Kike Barbadillok (EAJ) sinatutako gutun baten bidez egin dute.
Eskaerarekin batera, bi alkateek gogorarazi dute 112 zenbakiko larrialdi zerbitzuen arazoa 2012ko urtarriletik konpondu gabe dagoela. Izan ere, bi erakunde autonomikoek lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten orduan, osasun arreta hobetzeko jarduera komunak adosteko. Hitzarmen horretan, larrialdi deiei buruz ere hitz egin zen, eta "lehentasunezkotzat" jo zen arreta protokolo bat ezartzea, "zerbitzu azkarra eta optimoa" eskaintzeko.
Hala ere, kritikatu dutenez, gaur egun ez da protokolo hori aktibatu: "Zenbait kasu gertatu dira arreta jaso duten pertsonen osasuna arriskuan jarri dela, larrialdietako zerbitzuen artean deskoordinazioak eman direlako. Horregatik guztiagatik, protokolo hori lehenbailehen egin dadila eskatzen dugu, eta behar diren mekanismoak ezar daitezela enklabeko udalek hura prestatzen, zehazten eta onartzen parte har dezaten", adierazi dute alkateek..