"Trebiñutik igarota, Gasteiztik Baxaurira joateko dugun errepidean —A-126— kristoren zuloa dago, oso arriskutsua izan daitekeena, bihurgune batean dagoelako", salatu du Baxauriko bizilagun Alfredo Mendoza Ogetak. Trebiñuko bizilaguna ALEArekin jarri da harremanetan, kexa helarazteko eta mezua zabaltzeko laguntza eske.
Baxauri Trebiñuko Konderriko herri txiki bat da. Trebiñu osoan gertatzen den bezala, bere biztanleek —hogei inguru, gaur egun— lotura estuagoa dute Gasteizekin eta Arabako udalerriekin, Burgosekin baino; hala ere, Gaztela eta Leongo Juntaren eta Burgosko Lurralde Ordezkaritzaren menpe dago. Enklabe batean kokatuta egoteak, bi administrazioen eraginpean izanda, odisea bihur ditzake txikiak eta konponbide errazekoak diruditen eguneroko arazoak.
"Hilabete batzuk daramatzagu egoera horretan, eta inork ez du konpontzen, ez Burgosek ez Arabak", salatu du Alfredok, haserre.