Iberiar Penintsulako harrobirik zaharrena Trebiñuko Konderrian dago. Araiko mendilerrotik duela 6.000 urte ateratzen zuten silexaren arrastoak Espainiako iparraldean eta Frantziako hego-mendebaldean aurkitu dituzte ikertzaileek. Aztarnategi hori ikertzen jarraitzeko, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak 80.000 euroko diru-laguntza onartu du, datozen lau urteetarako.
Uda honetan indusketaren hamabigarren kanpaina egin du bertan Andoni Tarriño arkeologoak zuzentzen duen taldeak. Hamar metroko zabalera eta bost metroko sakonera duen zatia agerian utzi dute. Milaka harri zatiren artean, oreinen adarrak ere topatu dituzte, hain zuzen harrobian lan egiteko Neolitoan erabiltzen ziren tresnak.
Halaber, Trebiñuko harrobiaren eta Berantevillako Los Cascajos aztarnategiaren arteko balizko lotura ikertu dute. "Bi puntuen artean loturarik ote dagoen jakitea zen asmoa", esan du Tarriñok.