Mendizorrotzeko Ogeta pilotalekua baino ogetarragoa da Baxauriko frontoia. Pilotari arabar ospetsuaren aitak eta aitonak eraiki zuten Trebiñuko bitxia, 1942an, Arabako zikloiak bertan entrenatzeko. Eraikin xumea da, txikia, sei zenbaki eskas ditu, eta lau pareta, dena egurrezkoa da eta, bitxiena, ikusleentzako lekua antzoki zaharren antzerakoa da, eta hiru metroko eskuineko horman atxikita dago.
Arabako Pilota Txapelketako puntako pilota partidak jasotzeaz gainera, denetariko topalekua izan da Trebiñuko Baxauriko frontoia azken urteetan. Bertan, uztaileko azken larunbatetan, Trebiñuko euskal jaiaren zenbait edizio ospatu dituzte, eta 2018an, Euskaraldiaren lehen edizioarekin batera, bertan egin zuten Euskararen Eguna. Bertso-saioak eta bertso-bazkariak ere maiz jaso ditu frontoiak. Hortaz, Konderriko pilotazaleentzat eta euskaltzaleentzat toki erreferentea da.
"Frontoia oso aitzakia ona da Trebiñura hurbiltzeko; bidea ere ederra da"
Horiek bezala, arrazoi ugari aurkitu ditu Antton Bastero txotxongilolari trebiñarrak ALEAko irakurleak bertara eramateko, eta udako txangoetarako proposamena luzatzeko: "Baxauriko pilotalekua oso-oso polita da eta gainera bitxi arkitektoniko bat da", esan du. Izan ere, egurrezkoak diren frontoiaren teilatua eta palkoak, Euskal Herrian XX. mendearen hasieran eginikoen antzera, ondo gorde dira. "Frontoia oso aitzakia ona da, gainera, Trebiñura hurbiltzeko; ederra da bidea eta konderri osoa zeharkatzen duzu", gaineratu du Basterok.
Halere, pilotaleku zaharraren egitura ez dago egoera onean. "Gustatuko litzaidake administrazioen partetik –udaletik edo beste erakundeetatik– pilotalekuaren balioa azpimarratzea eta konpontzea". Arrazoia du Basterok, begiratu batean ikus daiteke frontoiak konponketak behar dituela, batik bat palkoen egurrezko zoruan.
Frontoiaren arkitektura oso gustuko duela aitortu du txotxongilolariak, baina, era berean, gordetzen duen historia jasotzea ere garrantzitsua iruditzen zaio; eta azpimarratu du frontoiak Euskal Herriko "nortasun ikur bat" direla. "Futbito zelai bat eta frontoi bat ez dira gauza berdina".
Ogetarren herentzia
Bada, egitura originalarekin batera, frontoiaren jatorria eta historia ere bereziak dira. Basteroren ezaguna eta Baxauriko bizilaguna den Alfredo Mendozak azaldu duenez, ez da aski ezagutzen, baina entrenatzeko eraiki zuten pilotalekua Jose Maria Palacios Moraza Ogetaren aitak eta aitonak, 40. hamarkadan. "Bernedon bizi ziren, eta hona etortzen zen entrenatzera", azaldu du. Pilotari ospetsuaren familiaren bitxikeri gehiago kontatu ditu Mendozak; hain zuzen, Bernedora bizitzera joan zirenean jarri ziotela familiari Ogeta ezizena: "Aitona Bernedora etorri zen bizitzera, eta Ogeta deitzen hasi ziren eta horrela geratu zen, Gasteizen ere horrela esaten zioten; Palacios abizena oso gutxik ezagutzen zuten".
Ogetarren itzala luzea da Baxaurin, zaletasun handia egon da herrian beti, eta pilotari ezagunak sortu dira lau pareta horien artean. Gonzalo Velasco izan da azkena. 2017an egin zioten despedida bere herriko frontoian, 32 urteko ibilbidea egin ostean. "Arabako herrien arteko pilota txapelketetan zortzi urtez parte hartu dute Baxauriko bikoteek, eta binakako txapelketan txapeldun izan gara", nabarmendu du Mendozak.
80 urteko frontoia belaunaldi askoren topalekua izan da, eta garai batean gainera aukera bakarra izan da herriko gazteak biltzeko. "Lehen ez genuen ezer, frontoia besterik ez. Pilotak eta palak guk egiten genituen, eskuz; egurra hartu eta aizkora txikiarekin forma ematen genion palari, eta pilotak berdin. Ez zegoen ezer, egun osoa frontoian ematen genuen".
Egurraren herria
Frontoia eta basoa dira, beraz, Baxauriko altxorrak, harizti eta pagadi aberatsak eta horietatik ateratzen duten egurra. Ez da ohikoa egurrezkoa izatea frontoi bat, baina bere garaian egin zenean egurra soilik zuten eraikuntzarako: "Hemengo haritzak erabili zituzten frontoia egiteko, etxe guztiak haritzarekin egiten ziren garaiotan".
Baxauriko eta Obekuriko baso kaduzifolioak Izkiko parke naturalaren ondoan daude, nahiz eta Gaztela eta Leongo administrazioaren menpe egotegatik ez diren Arabako parkearen barruan sartu ahal izan. Dena den, historikoki, Izkiko basoak elkarrekin kudeatu dituzte inguruko herriek, izan Mendialdekoak edo Trebiñukoak.
Muga administratibo horien zentzugabekeriaren beste adibide bat eman digu Morazak: "Bitxia da Baxauri Trebiñukoa Burgoskoa izanda, bere lurraldean Arabako zati bat duela, lurrak landatzeko zati bat". Enklabearen barruan enklabea dago, beraz.
Hamabost biztanle bizi dira Baxaurin, maiatzetik aurrera urrira arte; uda partean jende gehiago bizi da, baina negua gogorra da inguru horietan. "Hemen gaizki bizi dira, –esan du Basterok ironiarekin– piszina dute, frontoia, basoa, txokoa, lasaitasun asko, aspergarria, kar, kar, kar".
Bilbotarra den arren, Basterok zortzi urtetik gora daramatza Baxauritik gertu bizitzen, Doroño herrian; eta bertakotu egin da. 40 urteko ibilbidean azkenetariko lana Iñaki Basaberekin batera grabatu duen Trebiñuko abestia izan da. Euskarazko leloak halaxe dio: "Trebiñutarrok hamaika aldiz esaten dugu: hau Araba da: Arabakoak sentitzen gara!". Baxauriko frontoia ere abestian aipatzen dute. Ezin zitekeen bestela izan.
"Baxauriko frontoia balioan jartzea eta konpontzea gustatuko litzaidake"
Bestalde, pandemiaren konfinamenduko hilabete gogorretan, Doroñoko etxean Bakte eta Biru pertsonaiak sortu zituen Basterok, eta minutu bateko ehun saio eskaini zituen facebook bitartez, euskaraz, umeentzat. "Goizero erabakitzen genuen zer egin. Esperientzia polita izan zen, eta uste dut jendeak eskertu zuela". Trebiñun jaiotako pertsonaiekin laburmetraia egin dute crowdfunding kanpaina bati esker.