Zumaia, Burgos eta New York. Bertan gordetzen dute, zatikatuta, Añastroko historiaren parte bat, hain zuzen San Andres elizako erretaularen historia eta taula margotu zuen Añastroko Maisuaren misterioa. Herriko arte-lan inportanteena hiru zatitan banatu eta hiru lurralde horietara eraman zuten, aspaldi.
Triptiko itxura duen elizako erretaularen erdiko taula 1984. urtean erosi zuen Burgosko Diputazioak, eta bere jauregian dagoen piezarik zaharrena da orain, turismo-gida guztietan jasotzen dutena. "Salbatzailea" jarrera maiestatikoan irudikatzen da, fededunak bedeinkatuz. 1985ean zaharberritu zuten.
Alboko bi taulak, berriz, New Yorkeko The Cloisters museoan eta Zumaiako Zuloaga museoan daude hurrenez hurren. Ez dago argi noiz eta nola atera ziren bi zati horiek Añastrotik, baina uste da XIX. mendearen amaieran edo XX. mendearen hasieran desagertu zirela Trebiñutik, eta George Grey Barnard eta Ignacio Zuloaga artista eta arte- bildumagileen funtsen parte izatera pasa ziren.
George Grey Barnard galerista estatubatuarraren arte bildumaren parte da Añastroko taula
Izan ere, Barnard galerista eta eskultore estatubatuarrak, 1905. eta 1913. urteen artean, Espainian eta Frantzian erositako hainbat arte-objekturekin bilduma pertsonal oso garrantzitsua osatu zuen. Gerora, John D. Rockefeller finantzariak erosi zuen bilduma hori, eta New Yorkeko The Cloisters museoan kokatu zuen.
Zumaian dagoen taula, berriz, Ignacio Zuloaga margolari garrantzitsuaren bildumaren parte da. 1914ko uztailaren 14an etxetzar handia inauguratu zuen Zuloagak Zumaian, Santiago-Etxea izenarekin. Urteekin, Zuloagak etxea handitu zuen bere museoa bertan jartzeko. Espazio horretan utzi zuen bere bizitzan zehar bildutako pieza artistiko baliotsuen multzo bat. "Garai gotikoko lanen artean, San Andresko panel bat nabarmentzen da, Añastroko eliza batetik datorrena".
Maisuaren bila
Neurri handiko obra da Añastroko erretaula, izan ere, erdiko taulak 2,32x1,62 metro neurtzen du, New Yorken gordetako taulak 1,98x1 metro du, eta Zumaian dagoenak, berriz, 1,90x1 metro ingurukoneurriak ditu. Obra berezia da, kalitate tekniko handikoa.
Raquel Saenz Pascual Oviedoko Unibertsitateko irakasleak eta pintura gotikoan adituak erretaularen inguruan egin duen ikerketan jaso duenez, XIV. mendeko azken laurdenekoa da Añastroko obra, Europa osoan zabalduta dagoen gotiko linealaren barrukoa, nahiz eta "atzerapen kronologiko handia dago antzekoak diren obrekin alderatuta". Adituaren iritziz, gainera, bi pintorek parte hartu zuten erretaulan, baina "Añastroko Maisua deitu duguna" nabarmentzen da kuantitatiboki, "bereziki Genesiaren Zikloan egin zuen lanagatik".
Añastroko Maisua ere Chicagoko Arte Institutuan dagoen jatorri ezezaguneko beste erretaula baten autorea dela uste du Saenzek, Santa Katalina del Monte Sinai taulatxoarena hain zuzen. Halaber, Chicagoko zentro horretan gordetzen dituzten Kexaako San Joan komentuko erretaulak ere Añastroko Maisuarekin lotu dituzte zenbait ikertzailek, baina ez dago argi zer neurritan parte hartu zuen horretan. "Ziurrenik Añastroko erretaulako pintoreak, Kexaakoak eta Santa Katalinakoak desberdinak dira, baina eredu berberekin sortu zituzten bere obra eta lantegi berekoak izan ziren".
Añastro
Kuadrilla: Trebiñu.
Udalerria: Trebiñuko Konderria.
Biztanleak: 104 bizilagun.
Bitxikeriak: XVIII. mendetik XX. menderarte Añastro udalerri independentea izan zen.