Hamalau arlotan gauzatuko da Trebiñuko hitzarmena

Erredakzioa 2021eko apirilaren 22a

Landa ingurunea sustatzea eta babestea aurreikusten du akordioak. PHOT.OK

Larunbat honetan sinatuko dute Burgosko Diputazioak eta Arabako Foru Aldundiak.

Burgosko Diputazioak eta Arabako Foru Aldundiak Trebiñuko barrendegiaren inguruko 2021-2025 urteetarako lankidetza-akordioa sinatuko dute larunbat honetan, apirilaren 24an. Akordio horren helburua, bereziki, Trebiñuko Konderriari zerbitzuak bermatzea da.

2017an sinatu zuten lehen akordioa bi erakundeek, zazpi arlotan oinarrituta. Burgosko Diputazioak adierazi duenez, "aldundien arteko zazpi hitzarmen espezifikoak sinatzeak emaitza positiboa izan du; beraz, balorazioa egin eta lankidetza-estrategia berriak bateratu ondoren, elkar ulertzearen bidean jarraituko dugu".

Era berean, akordioaren denbora-eremua lau urtera zabaltzea erabaki dute, eta lau urte gehiago luzatzea, besteak beste, gizarte-zerbitzuetan, larrialdietan, komunikazioan eta garraioetan, ondarean, bideetan eta obretan, ingurumenean, euskararen sustapenean, kulturan eta kiroletan. Halaber, akordioa sinatzen denetik sei hilabeteko epea ezartzen da arlo bakoitzeko hitzarmen espezifikoak adosteko.

Bi aldeek 14 gai identifikatu dituzte lankidetzaren lehentasunezko xede gisa.

  • Adinekoen, desgaituen eta mendekotasunen bat duten pertsonen integrazioa eta gizarte-arreta.
  • Genero-indarkeriaren aurkako borrokaren protokoloak eta koordinazioa. Berdintasunaren arloko politika publikoak.
  • Gazteriaren arloko politika publikoak.
  • Babes zibila eta larrialdiei aurre egitea, bereziki suteak prebenitu eta itzaltzea eta salbamendua.
  • Komunikazio- eta garraio-azpiegiturak.
  • Neguko bide-planak.
  • Ekipamenduko eta beste azpiegitura batzuetako elementu txikiak kontserbatzeko, mantentzeko eta zaharberritzeko proiektuak.
  • Babestutako ondasun historiko-artistikoak kontserbatzeko, mantentzeko edo zaharberritzeko proiektuak.
  • Ingurumena eta espazio bereziak babesteko proiektuak, hondakinen bilketa eta kudeaketa, uren arloko babesa eta esku-hartzea.
  • Landa-ingurunea sustatzea eta babestea, jarduera ekonomikoa bera sustatzeko politikak koordinatuz, bai eta landa-ingurunean kokatzen diren pertsonei eta proiektuei babesa, garapena eta bultzada emateko politikak ere.
  • Udal diru-bilketaren kudeaketan laguntzea.
  • Horniduren eta zerbitzuen administrazio-kontratazio zentralizatua erraztea.
  • Kultura eta kirol jarduerak sustatzea.
  • Euskara sustatzeko jarduerak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago