Hitzarmen berria sinatuko dute aurki Arabak eta Burgosek

Erredakzioa 2021ko mar. 30a, 17:18
Argantzonen eta Trebiñun ematen diren zerbitzuak arautzen ditu hitzarmenak. PHOT.OK

Beste lau urteko iraupena izango du, eta Arabako Batzar Nagusiek onartu beharko dute.

Diputazioaren Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Arabako Foru Aldundiaren eta Burgosko Diputazioaren arteko hitzarmen berria, Trebiñuko Konderriko bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Aurrekoa bezala, iragankorra izango da, eta lau urteko iraupena izango du, beste lau urtez luza daitekeena. Enklabearen egoera modu iraunkorrean ebazten duen ordenamendu juridikoaren araberako behin betiko konponbidea lortu ondoren amaituko da hitzarmena.

Hitzarmenak erakundeen arteko lankidetza jasotzen du hamalau arlotan, eta askotarikoak dira: gizarte-zerbitzuak, larrialdiak, euskara, azpiegiturak, gazteria, kultura... Zerbitzu horietako batzuk eremu mugakideetan bizi diren herritarrentzat ere izan daitezke. Esparru-akordioa sinatu ondoren, bi erakundeek arlo bakoitzerako berariazko erregulazioaren eguneratzea landuko dute. Akordio horietan, duela hiru urte bezala, eman beharreko zerbitzuak eta jarduteko eremu geografikoa zehaztuko dira.

Balantze positiboa

Arabako Foru Aldundiak lan formula horrekin jarraitzea erabaki du, Trebiñuko Konderriko herritarrei 2018tik eskaini dizkien zerbitzuen "balorazio positiboa" egin ostean. "Harrezkero, Trebiñun eta Argantzonen kultura-jarduerak egin dira, euskararen azterketa sustatu da, genero-berdintasuna bezalako gaietan aurrera egin da, azpiegitura-lanak egin dira, ondarea birgaitzeko lanak egin dira eta trebiñarrei gizarte-zerbitzuak eman zaizkie, gai aipagarrienetako batzuk aipatzearren".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide