Argantzonek 570.000 eurotik gorako aurrekontua onartu du 2021erako

Erredakzioa 2021ko ots. 26a, 17:51
Besteak beste, Billa Okako San Pedro eliza zaharberrituko dute. / Argazkia: ASIER SARASUA

Argantzongo Udalak 2021erako aurreikusitako inbertsioen artean honakoak daude: Billa Okako eliza zaharberritzea, kolektorearen bigarren fasea eraikitzea eta kaleetako argiteria hobetzea.

Argantzongo Udalak ostiral honetan onartu ditu 2021erako aurrekontuak. Udalerriak izango duen diru kopurua iazkoaren antzekoa izango da: 570.000 euro. Horietatik 90.000 euro inguru inbertsioetara bideratuko dira; hau da, aurrekontuaren %15,83.

Inbertsioen artean, honakoak dira Argantzongo Udalak nabarmendu dituenak: kolektorearen bigarren fasea, hirigunea araztegiarekin lotuko duena; hiru kaletako Del Rio, Renfe pasealekua eta Jardin del Olivo argiteria hobetzea; eta futbol zelaian hobekuntzak egitea.

Diru gehiena, 57.000 euro inguru, Billa Okako eliza zaharberritzeko erabiliko da. Gainera, beste 3.000 euro ur-biltegia hobetzeko inbertituko dira.

36ko gerran fusilatutakoei omenaldia

Bestalde, bi partida berri sartu dira. Alde batetik, 3.000 euroko bat, Francisco de Longa kaleko azterlan topografikoa egiteko, bidean dauden kanalizazioak aztertu eta gero konpontzeko.

Bestalde, 2.000 euro erreserbatuko dira Argantzonen 36ko gerran fusilatutako hamaika lagunei omenaldia egiteko. Besteak beste, herriko frontoian hormairudi bat egitea aurreikusi du udal gobernuak .

Pandemiak baldintzatuta

Pandemiak eta haren ondorio sozioekonomikoek udal kontuetan "eragin handia" izan dutela azpimarratu du Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkateak (EH Bildu). Hori dela eta, Udalak hainbat partida gorde ditu herriko festak, udan egiten ohi diren kultur jarduerak edo euskararen sustapena egiteko. "Jarduera horiek guztiak egitea edo ez egitea pandemiaren bilakaeraren araberakoa izango da, eta, bertan behera utziz gero, kopuru horiek herritarren onurarako diren beste gastu batzuetarako erabiltzea baloratuko da", azaldu du alkateak.

Dena dela, "pozik" agertu da alkatea udal kontuen onespenarekin. "Lanean jarraituko dugu Argnatzongo bizilagunen eguneroko bizimodua hobetzeko, energia eraginkortasunaren arloan aurrera egiteko eta, pandemiak uzten duen neurrian, kultura, kirola eta euskara sustatzeko jarduerak bermatzeko", azaldu du. "Betiere ahaztu gabe pandemiaren ondorioak pairatzen ari diren sektoreei erantzun behar diegula", esan du Ortiz de Latierrok.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide