Trebiñuko aurrekontuak euskara, berdintasuna, energia eta pandemiaren ondorioak ditu ardatz

Erredakzioa 2021ko ots. 2a, 11:31
Trebiñu, Trebiñu Konderriko herriburua. / Argazkia: Basotxerri

Talde politikoen arteko akordioak ahalbidetu du Trebiñuko udal aurrekontuak onartzea 2021erako. 1,8 milioi euroko proiektuak eraginkortasun energetikoa, euskara, berdintasuna eta COVID-19aren ondorioak izango ditu ardatz.

EAJ, EH Bildu eta AICT (Trebiñuko Konderriko Talde Independentea) taldeen aldeko botoekin, Trebiñuko Udalak 2021erako aurrekontuak onetsi ditu. Guztira, 1.808.554,65 euroko proiektu ekonomikoa izango du Konderriak.

Besteak beste, eraginkortasun energetikoari, euskarari, berdintasunari eta Covid-19aren ondorioei buruz EH Bilduk egindako ekarpenak jaso dituzte aurrekontuetan.

Koalizio subiranistako bozeramaile Ritxar Astegieta "pozik" agertu da negoziazioen emaitzarekin, eta horregatik erabaki dute aurrekontuen alde bozkatzea: "Finantzaketa nahikoa behar da bizi dugun egoera bereziari aurre egiteko; pandemiaren ondoriozko murrizketak gehien jasaten ari direnei erantzuna emateko gaitasuna dute, eta, era berean, udalerri jasangarriago baterantz aurrera egiteko oinarriak ezar daitezke", adierazi du Astegietak.

Trantsizio energetikoa eta krisi soziosanitarioa

Bere proposamenak hiru multzotan banatzen dira: pandemiaren ondorioei aurre egitea, trantsizio energetikoaren arloan aurrera egitea eta euskararen zein berdintasun politikei partida ekonomikoak ematea.

Energiaren eraginkortasunean eta trantsizioan aurrera egiteko partida bat egongo da, udal eraikin guztiak eguzki energiaz hornitzeko helburuarekin. Lehenengo fasean, energia ikuskaritza bat egingo da, energia kontsumoa aztertzeko, hutsuneak antzemateko eta aurrezteko neurriak eta proposamenak zehazteko. Bigarren fasean, plaka fotovoltaikoak jarriko lirateke.

Bestalde, krisi soziosanitarioaren ondorioei aurre egiteko partida bat sartuko da. Aurrekontuaren zati bat osasun neurriak hartzeko erabiliko da, hala nola garbiketa eta desinfekzioa. Era berean, partida bat gordeko da krisiaren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko, murrizketak gehien jasaten ari diren sektoreentzako laguntza gisa.

Euskara eta berdintasuna

Eta, azkenik, berdintasun eta euskara politikak garatzeko finantzaketa bermatzea da EH Bilduren proposamenetako bat. Besteak beste, Udalak euskarara ikasketen %60 diruz lagunduko du, eta 1.000 eurotan handituko du berdintasunerako partida.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide