Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierrok Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eskatu dio "azkar" desblokeatu dezala Zadorrako ur-jauzi batean zentral elektriko txiki bat eraikitzeko proiektua. Horretarako, beste bilera bat eskatu du erakunde horretako Uren komisarioarekin, 2016tik egiteke dagoena.
2010an, garai hartako Argantzongo Udalak baimena eskatu zion Ebroko Konfederazio Hidrografikoari ibaiaren emaria handitzeko eta zentral elektriko hori martxan jartzeko. Aldi berean, Udalak ingurumen- inpaktuaren adierazpena eskatu zion Gaztela eta Leongo Juntari. 2014an proiektuari argi berdea eman zitzaion.
Irin-errota zaharra zentral elektriko bihurtzea da asmoa. Hirigunean dago esandako eraikina, ibaiaren ondoan. 250 metroko luzera duen presa batekin eta 2,4 metroko ur-jauziarekin batera, urtean 294.679 kWh inguru eragin ditzake, eta ibaira isuritako emaria kontsumitutakoaren berdina izango litzateke; hau da, 2.200 metro kubiko.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren utzikeria
Udalak salatu du ingurumen-inpaktu adierazpen hori eta errota zentral elektriko bihurtzeko birgaitze-proiektua bera iraungi egin direla, "Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren utzikeriagatik". Gertatutakoa ikusita, joan den urrian, alkateak bilera bat eskatu zuen erakundeko Uren komisarioarekin, eta honako erantzuna jaso zuela jakinarazi du: "horretan ari gara, eta izapidetzen ari den zerbitzuaren lan-karga handia dela eta, ezin izan gara izan nahiko genukeen bezain arduratsuak".
Alkateak modu zuzenean aritu ez izana aurpegiratu dio Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta espedientea ahalik eta azkarren ebaztea eskatu du. "Gai honek berebiziko garrantzia du gure udalerriarentzat, energia berriztagarriak energia elektrikoa edo termikoa sortzeko sistemetan integratzen lagunduko duten proiektu berritzaileak bultzatzeko laguntzak jaso nahi ditugulako. Horregatik da beharrezkoa baimena lehenbailehen desblokeatzea ", azaldu du Ortiz de Latierrok.