Argantzonek 20.000 euro bideratuko ditu autonomoei eta mikroenpresei laguntzeko

Erredakzioa 2020ko azaroaren 6a

Udalerriko establezimendu txikiei, ostalaritza eta jatetxeei eta kirol eta kultura jarduerei zuzenduta dago.

Argantzongo Udalak laguntza deialdi bat onartu du alarma egoeragatik jarduera ekonomikoa baldintzatuta duten autonomoentzat eta mikroenpresentzat. Hasiera batean, 20.000 euro bideratu dira horretara, baina kopurua handitu ahal izango da eskatzaile guztiei erantzuteko. Udalerriko lokal eta establezimendu txikiei, ostalaritza eta jatetxeei eta kirol eta kultura jarduerei zuzendutako deialdia da.

Laguntza, hilean, 200 eurokoa izango da, eta alarma-dekretutik aurrera luzatu ahal izango da, baina ezingo da 600 eurotik gorakoa izan. Gainera, bateragarriak izango dira erakundeek abian jarritako beste laguntza batzuekin. Jarduera gelditzeagatik fakturazioa murrizketei, establezimenduaren alokairuei edo banku-erakundeen bidez finantzatzeei erantzun nahi zaie modu horretan.

Azaroaren 5etik 26ra

Eskaerak azaroaren 5etik azaroaren 26ra aurkeztu ahal izango dira, eta honako hauek jaso beharko dituzte: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman izanaren egiaztagiria, ordaindutako autonomoen azken ordainagiria, Gizarte Segurantzarekin eta Zerga Agentziarekin egunean daudela egiaztatzen duten ziurtagiriak eta fakturazioaren kontabilitate-murrizketaren egiaztagiria.

Ordainketa bakarra izango da eta abenduan egingo da.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago