"Nazkatuta gaude Trebiñuko barrendegiak bizi duen ziurgabetasunak trebiñarrongan dituen eragin negatiboak jasateaz", adierazi du Trebiñuko ezker abertzaleak, larunbat eguerdian egindako elkarretaratzean. "Covid-19ak maiatzean deseskaladarekin ekarri zituen arazo berdinen aurrean gaude oraingoan ere, Gaztela eta Leonek jasandako murrizketak berriz ere guri eragiten baitigute, Arabaren bihotzean bizi garen biztanleoi".
Izan ere, egunotan segurtasun neurri bereziak hartu dira Gaztela eta Leonen, erkidegoan duten kutsatze-tasa altua dela eta. Besteak beste, Burgos hiria konfinatuko dute asteazkeneko 00:00etatik aurrera; udalerriaren perimetroa 14 egunez itxiko da gutxienez, azaroaren 4ra arte. Neurri horietako askok Trebiñurengan ere izango dute eragina.
"Ez da justua, eta ez da normala", deitoratu dute. Horregatik, Arabarekiko "berehalako integrazioa" eskatu dute, enegarrenez. Trebiñuko ezker abertzalearen ustez, "integrazioa baita gure gaitzaren sendabide bakarra; ez bakarrik eskalada eta deseskaladetan, beti Araba".