Indarkeria matxista atzemateko arazoak eta aurreiritziak, Trebiñun

Erredakzioa 2020ko urr. 9a, 11:50
Emakume bat ume txiki batekin Argantzongo ibaiaren alboko parkean jolasten. PHOT.OK

Biktimek behar duten arreta eta jarraipena trabatzen ditu enklabeak bizi duen egoera administratiboak.

Emakumeen aurkako indarkeria matxista eta beste genero-desberdinkeriak aztertu dituzte azken hilabete hauetan Trebiñuko Konderrian eta Argantzonen. Arabako eta Burgosko diputazioek zenbait zerbitzu elkarbanatzeko 2017an sinatu zuten akordioaren harira aurreikusita baitago berdintasun politikak abiatzea eta indarkeria matxistaren kontrako protokoloak ezartzea.

Azterketa hori banakako eta taldeko 11 elkarrizketa bidez egin da. Elkarrizketa horietan jaso dute dauden zerbitzuen funtzionamenduari buruzko informazioa, indarkeria-egoerak antzemateko aukera ematen duten adierazleak, emakume biktimei arreta ematean aurkitutako zailtasunak, eta emakumeen aurkako indarkeriaren arretarako eta prebentziorako tokiko politikak hobetzeko proposamenak. 

"Aurreiritzi eta mito ugari"

Ondorioen artean azpimarragarria da indarkeria matxista atzemateko eta aurre egiteko dauden zailtasunak, bai administratiboki enklabeak bizi duen egoera dela eta, baina baita biztanleen jarreragatik ere. "Berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako borrokan aldaketarako joera gutxi ikusi da –jaso du txostenak–, baita aurreiritzi ugari (indarkeriaren biktima izan behar duen emakumeari buruz), mitoak (salaketa faltsuak), ezagutzarik eza (kontzeptuak, baliabideak) eta inplikazio politikoaren falta ere". 

Halaber, azterketak ondorioztatu du "berdintasunaren kontzientzia handia" dagoela biztanle gehienen artean, baina indarkeria matxistari buruz bestelakoa dela errealiatea: "Zalantza asko eta pertzepzio ez oso argiak daude". Indarkeriarekiko tolerantzia handiena eta berdintasunezko kontzientzia gutxien dutenak adin, lanbide eta ikasketa-maila guztietako gizonak dira, antzeko ehunekoetan bi udalerrietan. Hala ere, "Trebiñuko Konderrian dago berdintasunezko kontzientzia duten gizonen ehuneko handiena".

Maila politikoan ere berdintasunarekin eta indarkeria matxistarekin lotutako gaietan sentsibilizazio eta inplikazio txikia hauteman da.

Hortaz, indarkeria matxistaren oso pertzepzio txikia dago Trebiñun. "Izatekotan, gutxi dagoela esaten da, lurralde txikia eta hurbila denez, non mundu guztia ezagutzen den, kasuak azkar eta zailtasunik gabe detektatzen direla". Bada, ordea, dauden kasuak baino gutxiago hautematen direla pentsatzen duten herritarrak; gainera, herritar guztiek indarkeria-jokabide batzuk normalizatzen dituztela ikusten dute, eta horiek "nabarmenagoak direla adineko emakumeen, emakume migratuen eta emakume gazteen artean".

Traba administratiboak

Beste alde batetik, azterketan bildutako informazioaren arabera, egoera administratiboak oso eragin negatiboa du indarkeria matxistari aurre egiteko orduan, eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzeko dauden zailtasunak areagotzen ditu.

Alde batetik, emakumea Gasteizen erroldatuta badago eta lurralde horretako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara jotzen badu, Trebiñuko barrendegiko Oinarrizko Gizarte langileek ez dituzte kasu horiek ezagutuko, eta horrek ez die ahalbidetuko emakumeen jarraipena egitea, ezta Trebiñun indarkeriaren biktima diren emakumeen benetako kasuen zenbatekoa jakitea ere. Emakume horietakoren bat, ostera, enklabeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara joango balitz, zerbitzu horiek, printzipioz, Gasteizko zerbitzuetara bideratu beharko lituzkete, eta ezingo lukete informazio lana egin.

Bestalde, emakumea Trebiñun erroldatuta badago eta enklabeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara jotzen badu, arazo bat izango du: berari dagozkion zerbitzu asko Burgosen daude, eta are urrunago ere bai kasu batzuetan. "Hori eragozpen eta nahasmendu handia izaten da emakumeentzat. Gertuen dagoen baliabidea Miranda Ebron dago".

Antzeko oztopoak dituzte osasun arloan indarkeria matxistaren biktima diren emakumezkoek. "Osasun-zentrora larrialdietara joaten diren baina Gasteizen erroldatuta dauden emakumeen kasuen jarraipena ezin dute egin Trebiñuko zerbitzuko langileek; eta bi autonomia erkidego desberdin direnez, ezin dituzte emakumearen datuak eskuratu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide