Letra handietan idatzitako historia liburuetan jasotzen ez badute ere, Trebiñukoan ondo gordeta egotea merezi duen data da 1646a. Hain zuzen ere, urte horretan, Pedruzoko Jasokundeko elizaren aurrean, Trebiñuko herri guztietatik hurbildutako errejidoreak eta Trebiñuko hiribilduko diputatua bildu ziren Arabarekin batzeko lehen eskaera egiteko.
Pedruzo da, Betruz izenarekin, Donemiliaga Kukulako idazkietan agertzen den herrixka; eta XIII. mendeko Betruzko Jasokundearen elizako arkupe erromanikoan, hain zuzen ere, Trebiñuko konderriko gobernua osatzen zuten "gizon onen" batzarrak ospatzen ziren. Horietako batean erabaki zuten Arabako Batzar Nagusietan biltzen ziren jauntxoei herrialdera batzeko eskaera luzatzea. Alta, ezezkoa jaso zuten trebiñarrek.
Hegaldi-zelai txiki bat dago Pedruzon; familiarra da, 1989. urtean martxan jarri zuten.
Esan bezala, XIII. mendean eraiki zen eliza, erromanikoaren amaieran, baina XVI. mendean asko eraldatu zuten. Kanpoaldean, harlanduzko hormak ikus daitezke. Portadan, sinplea eta apaindurarik gabeko teilatutxoa, bi kapitel nabarmentzen dira: otso bat eta iturri berean edaten ari diren bi hegazti. Elizak burualdearen kanpoaldean erliebe bitxi bat dauka. Arabako beste hiru tenpluren erliebeetan –Armentia, Oreitia eta Margarita– aurkitu daitekeen zaldun baten irudia. Erromesaldi bideekin lotu da erliebe hori, baina sinbolismo zehatza oraindik argitzeke dago.
Etxe gutxi batzuk eta eliza ikusgarriaz gainera, hegaldi-zelai txiki bat dago Pedruzon, familiarra. Bertan hegazkinzale talde bat aritzen da, eta hegaldiaz gozatzeko zelai aproposa da hori. 1989. urtean martxan jarri zuen zelaia Gasteizko Aeroclub de Vitoria taldeak, Udalak Salburuan halako zelai bat egokitzeko baimena ukatu ostean. Ultrarinek hegan egiteko erabiltzen dute.
'Galbarri'-ren lilura
Urizaharra eta Trebiñu banatzen dituen mendi-hegal horretan bertan aurkituko dugu ere San Martin Galbarin. Herria Donemiliaga Kukulako monasterioko kartularioan agertzen da, lehen aldiz,1025. urtean, Galvari izenarekin; eta ondoren, XIX. mendean, Pascual Madozen Hiztegi Geografikoan Galbarri bezala. Herritar gutxi izan ditu beti San Martin Galbarinek: 30 zituen XIX. mendean; 1900. urtean 53 pertsona bizi ziren bertan, eta 1968. urtean familia bakar bat. Egun, hiru lagun soilik erroldatuta daude.
Argoten hasi eta Torre (etxe eder eta zainduen herria) zeharkatzen duen errepide estu baten amaieran dago San Martin Galbarin, eta Trebiñuko herri isolatuen xarma du.
San Martin Galbaringo eraikin eder asko erortzeko arriskuan daude
Txangoa egin daiteke San Martin Galbarinetik inguruko hainbat menditara. Tartean, Sesturri (edo Saiturri) (790m) muinora. Elizaren ondotik igarotzen den Zurbaldai erreka gurutzatu behar da, eta herria inguratuz doan bide bati jarraitu. Mendigerrako muinoaren gailurrera iritsi aurretik, Morazako mendiak ikusiko ditugu lehen aldiz, eta hortik gora Sesturrira iritsiko gara. Tontor apal horretatik iparralderantz Gasteizko mendi guztiak bistan ditugu, ekialdean Izkiko parke naturaleko mendiak, hegoaldean Toloño mendilerroa eta mendebaldean Trebiñuko mendiak.
Herrian bertan, lurreratzeko zorian dirudi San Migel Arkanjeluaren eliza, XIII. mendearen inguruan eraikia eta gerora hainbat moldaketa izan zituena; beste eraikin eder asko ere arriskuan daude.
Kuadrilla: Trebiñu.
Udalerria: Trebiñuko Konderria.
Biztanleak: Hiruna biztanle dituzte.
Bitxikeria: Ur-bilatzaile oso ezaguna zegoen Pedruzon; ura aurkitu eta gero beste gizon batekin egiten zuen putzua.