Gure bazterrak

Pangua, Waterloo txikiaren magalean

Erredakzioa 2020ko abu. 23a, 08:30

Pangua herritik igo daiteke San Formerioko ermitara.

Panguako San Formerioko gaina hainbat batailaren lekuko izan da.

Plaza handia du Panguak, eta San Kornelio eta San Cipriano eliza erromanikoaren horma batean 1699. urtean zizelkatu zuten eguzki erloju bat; herrian gora abiatu beharra dago, asfaltozko bidea hartuta, konderriko zaindari den San Formerioko ermitara  iristeko. 772 metroko talaia natural horretatik konderri osoaren ikuspegia dago, eta erraz ulertzen da aintzinean, santutegia izan baino lehen, zergatik izan zen gotorleku. Tontorretik irekitzen den panorama itzela da, orientazio mahai bat jarri dute inguruko talaiak eta herrixkak bereizten laguntzeko.

Ingurukoek diote sei giltzapeko kutxa batean gorderik dauden erlikiak Kapadoziatik iritsitako santuarenak direla. Trebiñun betidanik uste izan dute santuaren erlikiari zati bat kendu behar zitzaiola buruko minak sendatzeko. Ikusirik fededunak San Formerioren erlikia txikitzen ari zirela, 1742. urtetik soilik santuaren jaiaren egunean irekitzen dute kutxa, Lacervilla, Morgas, Añastro, Estavillo, San Esteban eta Panguako apaizek dituzten giltzekin.

Erdi Aroan, eliza eraiki zutenean, zaintza-postua kokatu zuten bertan

Dena dela, erlijio katolikoarekin loturiko tradizioaz gainera, nabarmentzekoa da Panguako San Formerioko gainak hainbat batailarekin duen harremana.  Gainera, Brontze eta Burdin Aroko egonlekua izan zen, erromatarren galtzada bat bertatik pasatzen da eta hobi antropomorfiko bisigotikoak aurkitu daitezke ermitatik gertu. 

Erdi Aroan, eliza eraiki zutenean, zaintza-postua kokatu zuten bertan, ibilbide komertzialak eta erlijiosoak kontrolatzeko, eta XIX. mendean kuartela eta gotorlekua bilakatu zen eraikina. Horregatik, hain zuzen, eraikin sendoak ermita itxura baino gotorlekua ematen du. Hala, besteak beste, Napoleonen soldaduen eskuetan izan zen frantsesen inbasioaren garaian, eta 1875. urtean, azken gerra karlistan, San Formerion hasi zen Gasteizko setioa apurtuko zuen Trebiñuko Bataila. Are gehiago, bisigodoen Wamba erregeak 635. urtean baskoien kontra egin zuen kanpaina San Formerio ingurutik abiatu zuela esan ohi da.

Kuadrilla: Trebiñu.

Udalerria: Trebiñuko konderria.  

Biztanleak: 12 (2017ko INEren datuen arabera).

Bitxikeria: San Formerioko erromeria irailaren 25etik gertuen dagoen larunbatean ospatzen da.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago