Trebiñuko ingurune naturala ezagutzeko proposamena

Erredakzioa 2020ko uzt. 14a, 14:14

Pagadi ederrak ikusteko aukera izango da txangoetan. ALEA

Udan Natura programa martxan jarri du Trebiñuko Konderriko Udalak, bi ordutako txangoekin.

Uda honetan konderria deskubritzeko proposamen berezia prestatu du Trebiñuko Udalak Fauneando enpresarekin elkarlanean. Udalerriko ingurune naturala patxadaz ezagutzeko hiru eta bost kilometro arteko hiru proposamen prestatu dituzte, uztaila eta abuztua bitartean, artadien artean, pagadietan eta galsoroetan.

Egoera berezia dela eta, askoz jota hamalau laguneko taldeak osatuko dituzte eta ezinbestekoa izango da maskara eramatea. Ibilaldiak zortzi urtetik gorakoentzat egokituta daude; eta txakurra eramanez gero, lotuta izan behar da. Irteera guztiak 1o:00etan hasiko dira.

Hurrengo txangoa ostegun honetan aurreikusita dago, uztailaren 23an. Artadien Ibilaldia egingo dute, Agilu herritik abiatuta. Ibilbide berdina errepikatuko dute abuztuaren 13an. Uztailaren 30ean, berriz, Pagadiaren Itzalpean txangoa egingo dute, Gasteizko mendatetik. Abuztuaren 20an errepikatuko dute hori. Azkenik, Muinoak eta Galsoroak ibilaldia egingo dute abuztuaren 6an, Dordoniz herritik.

Txangoetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da 649 098 282 edo fauneando@gmail.com posta elektronikoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago