Argantzongo eta Trebiñuko Konderriko udalek Trebiñutik Trebiñutxora ekimena antolatu dute. Batetik, haur eta nerabeekin eta bestetik helduekin euskarazko mintza-saioak egiteko bolondresen sarea. Trebiñuko haur eta nerabeekin edo euskara praktikatu nahi duten helduekin astean zehar euskaraz aritzeko uneak izango dira. "Ez dira eskolako lanekin edo bestelakoekin laguntzeko saioak izango, –nabarmendu dute–; hizketaldi laburrak besterik ez erabilera bizirik mantentzeko".
Udalek azaldu dutenez, egun bizi dugun konfinamendu egoeran, Trebiñuko haur askok galdu dute euskararekin egunerokoan izan ohi duten harremana. "Eskolarik eta eskolaz kanpoko ekintzarik gabe euskararekiko hartu emana eten zaie, horrek hizkuntzarekiko harremanean dakartzan albo kalte guztiekin". Halaber, antzeko egoera batean daude euskara ikasten ari diren pertsona helduak edo haien euskararekiko harremana lantokira edo aisialdiko guneetara mugatua dutenak.
Egoera arintzeko, astean bi aldiz, 15-20 minutuko elkarrizketak egitea proposatu dute udalek. Hala ere, mintzakideek adostuta gehiago edo gutxiago adostuko balute ere, askatasun osoa dute haien neurrira egokitzeko. Mintza-saioak partaideek nahi duten bidearen bidez egingo dira (skype, whatsappeko bideo-deia, jitsi, etab.).
Udalek ekimenean parte hartu nahi dituzten bizilagunak harremanetan jarriko dituzte eta une horretatik aurrera haien esku geratuko da ordutegia, eguna eta abarrak zehaztea. Izena emateko formulario bat bete daiteke Argantzongo eta Trebiñuko Konderriko web-orrietan eta edozein zalantza izanez gero, euskeratrebino@gmail.com postara idatzi daiteke.