Koronabirusa

Aldundiak Trebiñu eta Argantzon ahaztu dituela kritikatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2020ko api. 15a, 12:15

Trebiñu Araba dela aldarrikatzen duen margoketa bat. / ZORTZIGARRENA

Ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek bilera telematikoa egingo du eguerdian Arabako alkatetza guztiekin, baina Trebiñu eta Argantzon gonbidatu ez dituela salatu du EH Bilduk. Argantzongo Udalak bere ezinegona adierazi du.

"Duela urtebete baino gutxiago, hauteskunde kanpaina betean, EAJk Trebiñuk muga fosil bat izateari utzi behar ziola esan zuen; herritarrek erabakitzen zuten tokian egon behar zuela"; gogor hitz egin du Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkateak, bere ezinegona adierazteko Ramiro Gonzalezi igorritako idatzian.

Halaber, "hitzetatik ekintzetara" pasatzea eskatu dio EH Bilduk Foru Gobernuari: "Gure enklabea ez da irla bat, guk ere pandemiaren ondorioak pairatzen baititugu", kritikatu dute Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkateak eta Ritxar Astegieta Trebiñuko Udaleko EH Bilduren bozeramaileak, enklabearen "bazterketa" salatuz.

"Gu arabarrak gara eta sentitzen gara. Araban bizi gara", adierazi dute, eta Arabako Foru Aldundiari galdetu diote Trebiñu Araba da leloa sinesten ote duen. Trebiñu Araban integratzeko helburuaren alde "elkarrekin" borrokatzeko gonbitea luzatu dio EH Bilduk EAJri, "errealitate bat izan dadin".

Besteak beste, informazioa elkarbanatzea, Arabako gainerako udalei bezala tratatzea eta bi udalak koronabirusaren ondorioak arintzeko martxan jartzen diren planetan sartzea eskatu diote Aldundiari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago