Desinfekzio lanak iragan astelehenean hasi ziren, eta astean hiru egunetan egiten dituzte, udal langileen bitartez: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan.
Martxoaren 12an kirol eta kultur instalazioak itxi zituzten Argantzongo udalerrian. Ordutik, ludoteka, informatika gela, zentro soziokulturala, padel pista, gimnasioa, Siloko erabilera anitzeko gela eta erromesen aterpetxea itxita daude, eta horrela jarraituko dute momentuz.
Argantzongo anbulategia ere itxita dago, eta kontsulta medikoak Trebiñun artatzen ari dira, aldez aurreko hitzorduarekin. Koronabirusaren sintomak -sukarra, arnasteko zailtasunak eta bestelakoak- dituzten bizilagunei 945 360 140 telefonora deitzea gomendatu die Udalak.
Bitartean, Udalak herritarren arreta telematikoa eskaintzen jarraitzen du, 945 373 006 telefonoan eta udaletxea@lapuebladearganzon.es helbide elektronikoan. Gizarte langileen kasuan, pertsona ahulenak artatzen jarraitzen dute, 947 35 42 21 telefonoaren bitartez.
Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierro udalerriko bizilagunei zuzendu zaie: "Lehen unetik hartu dira osasun agintariek gomendatutako neurriak, kutsatze kopurua handitu ez dadin". Era berean, kutsatze horiei aurrea hartzeko gomendioak jarraitzera animatu ditu argantzondarrak.