Araban sartzeko asmoari tinko

Erredakzioa 2020ko mar. 13a, 12:00
Trebiñuko zinegotziek pankarta berria igo zuten. M.ARRIBAS

Trebiñuko Udalak Burgosetik banatzeko eskatzen duen adierazpen instituzionala onartu du. Elkarrizketa-mahaia osatu nahi dute, besteak beste, Gaztela eta Leonekin eta Espainiako Gobernuko ordezkariekin.

Duela 22 urte egin zuten Arabara batzeko herri galdeketa Trebiñun. Egun hori gogoratzeko asmoz, ezohiko osoko bilkura egin dute, eta adierazpen instituzionala onartu dute. Halaber, urteurrena ospatzeko, udaletxeko fatxadan, trebiñarren Arabako izaera aldarrikatzen duen kartel berri bat jarri dute zinegotziek.

Ezohiko osoko bilkura horretan, bi adierazpen instituzional aztertu zituzten Trebiñuko zinegotziek. Condado para Todos eta Ciudadanos del Condado taldeek aurkeztutakoa atzera bota zuten gainerako taldeek. Horretan, EAJk Araban anexionatzeko aldarrikapena kontuan hartu ez izana gaitzesten zen, eta jeltzaleek Kongresuan presio gehiago egin zezaten eskatzen zuten. 

Bigarren adierazpena EAJko gobernu taldeak aurkeztu zuen, eta aurrera egin zuen EH Bilduren eta Agrupacion Independiente-ren botoekin. Herri galdeketa gogora ekartzen du adierazpenak, eta gaur egun egoera berdin jarraitzen duela adierazten da, "legearen barruan bide ezberdinak bultzatu arren". 

Proposamenaren ildotik, eta behin betiko konponbide bat bilatzeko bidean, Trebiñuko Konderriko Udalak "Burgosetik eta Gaztela eta Leonetik bereizketa eta Arabako lurralde historikora eta EAEra anexioa" eskatzeko erabakia hartu du. Horretarako, Udalak elkarrizketa mahaia osatzeko proposamena luzatu du, "gatazkaren konponbidean parte hartu beharko luketen erakundeekin: Gaztela eta Leongo Junta, Jaurlaritza, Burgosko Diputazioa, Arabako Diputazioa, eta Trebiñuko Udala eta Argantzongo Udalak". Halaber, Espainiako Kongresuak ere parte hartzea eskatzen dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide