Gure bazterrak

Ihuda ibaiaren erreinuan

Estitxu Ugarte/PHOT.OK 2020ko mar. 1a, 06:00

Bost kilometroko ibilbide errazak banatzen ditu Okina eta Saseta herriak, eta Ihuda ibaiaren haitzarte ederra zeharkatzeko aukera ematen du; ur-jauzi txikiek eta handiek laguntzen dute ibilbidea

Ihuda ibaia Gasteizko Mendien hegoaldeko isurialdean jaio da, Bernedo udalerriko Okina herriaren ondoan. Lehendabiziko tarteetan, paisaian, erliebe nabarmenak eta aldapatsuak ditugu, eta horietan barrena ibaiak bidea egiten du, haizpitarte estua eginez, kareharri malkarrak alboetan dituela. Ibilgua batez ere larrediek eta ezkaiek inguraturik dago; noiz edo noiz, hegalak tapizatzen dituen pagadiak ubideari itzala egiten dio, eta erkameztiak eta karraskak ere ageri dira bidean.

Ibaiaren tarterik luzeenak Trebiñuko Konderriaren lurrak zeharkatzen ditu, hain zuzen hogei kilometro inguru, eta tarte horretan dago Okinatik Sasetara doan haizpitartearen ibilbide ederra. Aurrerago, Ozana herrian, Ihuda ibaia Añanako lurretan sartzen da, eta ez ditu berriro utziko Zadorra ibaian isuri arte, hain zuzen ere Lacorzanatik gertu, 43 kilometroko ibilbideari amaiera emanez. Paisaiak ez dauka lehen tartearekin inolako zerikusirik, ibaiak nekazaritza haran handi batetik zehar baitu bere ibilgua.

Okinako zuloan izaki gaiztoek babesten duten urrezko zekorra omen dago

Ihudako haitzartearen bideak bat egiten du GR-38 ibilbide luzeko bidezidorrarekin. Txango oso erraza da, bai Okinatik zein Sasetatik abiatuz gero; bost bat kilometro ditu eta haurrekin tipi-tapa joateko toki ezinhobea izan daiteke. 

Ihuda ibaiaren haitzartea, antzina, Trebiñu eta Lautadaren arteko lotura bide bezala erabiltzen zuten; eta Sasetan eta Okinan merkataritza-jarduera garrantzitsua garatzen zen, Arrainaren eta Ardoaren Ibilbidea handik igarotzen baitzen, Erdi Aroan. 

Bestetik, Okina herrian bertan dugu Okinako zuloa, herriaren ekialdeko zelaigune batean; haren erdian 12 metro diametroko eta 32 metro sakonerako aho zirkularra dago. XIV. mendeko kondaira batek zioen izaki gaiztoek babestutako urrezko zekorra zegoela barruan. Basajaun ere zulo horretan bizi zela diote hainbat kondairek.

1961. urtera arte, Arluzea udalerriaren parte zen Okina, eta 1961-1976 tartean Arluzea-Markiz udalerriaren barruan egon zen, baina urte horretan Bernedora pasa zen.

Sasetan diru-bilketa bat abiatu dute, elizaren teilatua konpontzeko

Saseta, berriz, Trebiñuko Konderriko udalerrian dago, Trebiñutik hamazazpi kilometrora hain zuzen. 1025. urtean, Sagassahetak Donemiliaga Kukullako monasterioari zergak ordaintzen zizkion, Arabako gainerako herriek bezala.

1858. urtera arte, gutxienez, udalerri izaera izan zuen Sasetak. Alta, XX. mendeko hirurogeigarren hamarkadan hustu zen herria eta biztanle bakar bat geratu zen bertan bizitzen. Egun, ordea, hamalau lagun daude Sasetako erroldan. Iragan urtarrilean, Sasetako bizilagunek diru-bilketa kanpaina bat abiatu zuten, herriko elizaren teilatua konpontzeko eta eraikina babesteko. 

Ihuda ibaia

Eskualde biogeografikoa: Mediterraneoa.

Azalera: 66 hektarea.

Haitzartea: 5,5 kilometro, Okina eta Saseta artean.

Bitxikeriak:  Ibaiaren faunaren elementurik nabarmenena bisoi europarra da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago