Udalbiltzak bultzatutako Hauspotu, herriak bizituz egitasmoak Ekonomia Sozial Eraldatzailean (ESE) oinarritzen diren proiektuak sustatu nahi ditu despopulazio arazoak, zerbitzuen irisgarritasunean zailtasunak eta langabezia tasa altua dituzten eskualdeetan. Bi esperientzia aurkeztuko dira otsailaren 14an, 16:30etik aurrera Argantzongo Udaletxean.
Alde batetik, Arrazola-Atxondon elikadura burujabetza feminista lantzen duen Amillena jatetxearen kasua ezagutzeko aukera egongo da. Jatetxean inguruko produktuak saltzeaz gain, lehengai horiek erabiltzen dituzte eskaintzen duten janaria prestatzeko.
Bestalde, Zarautzko Lakari Koop kooperatibaren esperientzia elkarbanatuko dute. Kontsumo eredu jasangarria, tokiko laborantza iraunkorraren biziberritzea eta elikadura osasungarria sustatzea helburu duen erosketa, aholkularitza eta heziketa-gune kooperatiboa da Lakari Koop.
Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak (Gaindegia) azterketa eta mapa osatu ditu, Udalbiltzaren proiektua abian jarri aurretik eskualdeen errealitatea ezagutzeko. Zerbitzuen irisgarritasuna, despopulazioa eta langabezia tasa ardatz hartuta, bost eremu nabarmendu dituzte: Pirinio Kontinentala, Pirinio Penintsularra, Nafarroa Erdigunea, Enkarterriak eta Araba.
Arabaren kasuan, Mendialdea, Trebiñu eta Arabako Ibarrak identifikatu dituzte arazo horiek pairatzen dituzten eskualdeen artean. Hortaz, Hauspotu programa abiatzeko kontuan hartuko dituzte, beste hainbat zonalderekin batera.
Hauspotu, herriak bizituz programa
"Urteen joanarekin, lurralde desoreka areagotzen joan den arazoa dugu Euskal Herrian. Hiriak eta metropoliak handitzen ari diren neurrian, Euskal Herriko landa eremuko argia itzaltzen ari da", azaldu du Udalbiltzak, despopulazioaren arazoa mahai gainean jartzeko eta konponbideak bilatzeko asmoarekin.
Hortaz, Hauspotu, herriak bizituz proiektua sortu du, Koop 57 eta OlatuKoop taldeekin batera, "baldintza sozioekonomiko latzenak" bizi dituzten eskualdeetan Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE) bultzatzeko erronkarekin.
Programak babes teknikoa eta ekonomikoa eskainiko die ESE perspektiba duten proiektu eta egitasmo berriei, baina baita "dagoeneko abian direnei baina aurrera egiteko laguntza behar dutenei". Azaldu dutenez, zaintza, etxebizitza -lur eta eraikinen erabilerarako lagapen komunitarioetarako proiektuak-, agroekologia eta proiektu komunitario eta kolektiboak sustatuko dira, besteak beste.
Formakuntza teknikoa eta 250.000 euro
Babes teknikoari dagokionez, sei formakuntza saio eskainiko dituzte otsaila eta martxoa bitartean, OlatuKoop sarearen eskutik; tartean, otsailaren 14an, Araban egingo den hitzordu bakarra, Argantzonen. ESEaren munduan murgiltzeko "lehen urratsak" emateko, eta, bide batez, dagoeneko abian diren proiektuak gertutik ezagutzeko aukera eskaini nahi diote parte hartzaileei.
Jardunaldi formatiboak zazpigarren saio batekin amaituko direla azpimarratu dute: "Azken honetan aurreko saioetan parte hartu dutenak gonbidatuko dira, sinergiak sortzeko edota kezkak partekatzeko". Ondoren, eskualdeetan proiektuak abiatuko dituzten bidelagunak esleituko dira.
Bestalde, babes ekonomikoa Koop57k bideratuko du. Bitartekaritza finantzarioaren bidez, Ekonomia Sozial Eraldatzailea oinarri duten proiektuak maileguen bitartez finantzatzeaz arduratuko da, batzorde berezi baten laguntzarekin.
Batzorde bereziaren funtzio nagusia eskarien egokitasuna aztertzea izango da, ostean Koop57ren maileguak jasotzeko prozesua abian jarri aurretik. Orotara, 250.000 euro arteko maileguak eskainiko dituzte deialdi osoan zehar.