Egoera sozioekonomikoa

Gabeziak nagusi, kohesioa behera

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko urt. 11a, 06:00

Enplegu gabezi handiena duen Euskal Herriko eskualdea da Trebiñu. ALEA

Banaketa administratibo eskizofrenikoak eragin latza du Trebiñuko etorkizun sozioekonomikoan; biztanle-galera handiena jazo duen Euskal Herriko eskualdea da, eta enplegu gabezia handiena du.

Despopulazioa da Trebiñuko kohesio sozialerako mehatxu handiena. Hala jaso du Gaindegia ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak argitaratu berri duen Euskal Herriko eskualdeen atlas sozioekonomikoan. XX. mende hasieran Trebiñuk 4.600 biztanle inguru zituen, eta egun 1.847 pertsona bakarrik daude erroldan. Izan ere, XX. mendean zehar, herritarren galera handiena pairatu duen Euskal Herriko eskualdea da; eta 2008 eta 2018 urteen artean ere biztanleriaren bilakaera negatiboa jazo da bertan (-%2,2). Azterketan jaso dutenez, etorkizunean, Trebiñuk belaunaldi ordezkapen zaila izango du  egungo banaketa administratiboa mantenduz gero, eta hiriburutik biztanle berriak erakartzeko gai ez bada.

 

Izan ere, Gaztela eta Leongo administrazioek ematen ez dituzten zerbitzuak eskuratzeko Arabako hiriburuan erroldatzen dira biztanleak, eta despopulazioaren arazoa areagotzen joan da. Hartara, Euskal Herrian gazteen presentzia ahulena duen eskualdea da Trebiñu (%8); eta emakumezkoen gabezia handiena duen Euskal Herriko eskualdea, baita ere: biztanleen %43,9 bakarrik dira emakumezkoak. Gainera, Espainiako Estatutik kanpo jaiotako biztanleria gutxi jaso du (%5,8). 

Eragin latza du banaketa administratibo eskizofrenikoak, eta muturreko adierazleetan nabarmena da: jarduera, enplegua eta oinarrizko zerbitzuen gabezia handiena nozitzen duen eskualdea da. Gaindegiak jaso duenez, "Trebiñu hustea egoiliarrentzat zailtasun gehigarria izateaz gainera, Arabako lurralde kohesioarentzat problema ere bada". 

Azterketa eskualdez eskualde

Gaindegia ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak argitaratu berri duen argitalpenak eskualde bakoitzaren ezaugarri soziodemografikoak zein ekonomikoak zertan diren ezagutzera ematen du, eta atlas interaktibo batean bildu ditu datu guztiak. Eskualdearen ezaugarri sozioekonomikoak azaltzeaz gain, Euskal Herriko gainerako eskualdeekin konparaketa egiteko aukera ematen du.

Arabako kasuan, zazpi eskualde bereizi ditu Gaindegiaren lanak: Trebiñu, Gorbeia inguruak, Araba Kantauriarra, Arabako Mendialdea, Arabako Errioxa, Arabako Ibarrak eta Arabako Lautada. Trebiñutik hasita, hurrengo sei asteetan, gainerako eskualde guztien datuak eskainiko ditu ALEAk, Euskal Herriko behategiaren lana baliatuz. Lau sailetan banatuta ageri dira datuak: lurraldea, ekonomia, kohesio soziala, eta demografia. 

Enplegu gabezia handiena

Trebiñuri dagokionez, eskualdearen gainbeheraren erakusgarri diren hainbat datu nabarmendu daitezke. Esate baterako, jarduera ekonomikoa eta enpleguari dagokionez, proportzioan, Euskal Herrian enplegu gabezia handiena duen eskualdea da. Halaber, lurraldean dagoen enplegu bolumena oso txikia da, bertan bizi den biztanleria aktiboarekin proportzioan. Hala, Euskal Herrian %84,6koa baldin bada proportzioa, Trebiñun soilik %26,7koa da.

Gaindegiko azterketaren arabera, ehun ekonomiko urria eta ahula medio, enpleguak eskasak dira; "horregatik, bertan lan egiten duen askoren hautua langile autonomo izatea da". Gaineratu dutenez, lurraldearen mendebaldea salbu, ekonomikoki "ez leku" bilakatu da. "Ekonomia jarduerak diren tokietan, ordea, industriak eta zerbitzuek presentzia txikia dute eta prestakuntza gabeko enplegua da nagusi". Horrenbestez, zerbitzuen bila bezala, lan egiteko ere Gasteizera jotzen dute Trebiñuko herritarrek.

Etxebizitzaren alorrean, Arabako  Errioxan, Mendialdean edo Nafarroa Garaiko beste eskualde batzuetan bezala, etxebizitza parkearen %60ak ez du erabilera iraunkorrik, eta udan edo asteburuetan bakarrik okupatzen dira

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago