Trebiñuko Udalak bere barne funtzionamenduan zein kanpora begirako ekimenetan euskara sustatzeko, babesteko eta erabiltzeko konpromiso instituzionala jasotzen duen mozioa onartu du gaur goizean. EH Bildu, AICT, EAJ, eta CPT taldeen sei botoekin aurrera atera da, aurrenekoz, Trebiñuko Udalak euskararen normalizazioaren alde egiten duen adierazpen instituzionala. PPk eta CDCk kontra bozkatu dute.
Argantzongo Udalak mozio bera eztabaidatuko du azaroaren 29ko osoko bilkuran. Indar politikoen korrelazioa ikusirik –EH Bilduk 3, EAJk 3, PPk 1– litekeena da aurrera ateratzea.
Adierazpen instituzionalak hamazortzi puntutan jasotzen du Udaletik kanpo zein barruan euskararen erabilerarekiko konpromiso argia. Hala, Udalari dagokionez, besteak beste, administrazio publikoko kontratuetan hizkuntza-irizpideak zehaztea eta ezartzea onartu dute; eta halaber, haien komunikazioetan eta gainerako entitate, hornitzaile eta elkarteekin euskara gero eta gehiago erabiltzeko konpromisoa hartu dute.
Modu berean, euskararen erabilera sustatzen duten tresnak bultzatuko ditu Trebiñuko Udalak, hala nola euskarazko softwarea eta oinarrizko aplikazioak, aisialdiko IKT produktuak, .eus domeinua eta euskararen erabilera interneten. Gainera, UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) babestea, indartzea eta hedatzea erabaki dute zinegotziek.
Euskara, esparru guztietan
Udalak erabiltzen dituen komunikabide guztietan euskararen erabilera eta presentzia bermatuko dute; eta gainera, euskarazko tokiko hedabideen iraunkortasun ekonomikoa eta egonkortasuna bermatzeko hainbat urtetako hitzarmenak sustatuko dituzte.
Beste esparruetan ere bultzatuko dute euskararen erabilera. Hala, kirolaren euskalduntzean lan egitea erabaki dute, "federazioarekin eta tokiko klubekin lankidetzan". Halaber, gazteentzat euskarazko aisialdi-zerbitzuak sustatu eta zabalduko dituzte; euskararen erabilera eta transmisioa bultzatuko dute konderriko familien artean, eta migratzaileei laguntzeko lerroak aktibatuko dituzte, "euskara ikas dezaten eta euskal kulturara hurbil daitezen".
Gainera, erreferentziazko ikastetxe publikoak irakaskuntza euskaraz eman dezan lan egingo du Udalak.
Enpresen alorrean ahalegina
Enpresetan, berriz, euskararen erabilera-planak abian jartzeko araugintza garatuko du Udalak; eta euskararen normalizazioa bultzatzeko lana beren gain har dezaten esparru guztietako eragileekin akordioak bilatuko dituzte, hau da, enpresaburuen elkarteekin, sindikatuekin, gremioekin eta merkataritza ganberekin.
Trebiñun ere azterketa soziolinguistikoa EAEko gainerako udalerrien aldizkakotasun berarekin egiteko eskatuko du Udalak, hau da, bost urtean behin; eta, jakina, Trebiñu Araban integratzearen alde lan egitea onartu dute, "hizkuntza-normalizazioari bide emateko, Arabako gainerako udalerrien antzeko baldintzetan".