Batetik bestera, Euskal Herriko herri txikietan barrena dabil Herri Txiki Infernu Handi saioa, eta aste honetan Trebiñura gerturatu dira bertako txoko, istorio eta herritarrak ezagutzera. Hainbat txokoren artean, Doroño, Armentia, Argantzun, Argote, Askartza eta Baxauri bisitatu dituzte Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleek.
Besteak beste, Antton Bastero, Ruben Gonzalez, Roberto Gonzalez de Viñaspre, Paula Gonzalez, Andoni Portilla, Hobeko Gonzalez de Viñaspre, Alfredo Mendoza eta Unai Portillaren eskutik ezagutu dituzte txokoak. Erreka, larre eta sagardotegi artean bildutako istorioak urriaren 3an aurkeztuko dituzte, programaren jendaurreko grabazioan; Argantzungo pilotalekuan izango da, 20:00etan. Pagadi eta Gurrutxagarren umore bakarrizketekin batera, ez dira faltako Sebastian Lizasoren bertsoak.