Kargua utzi du Trebiñuko eskolako zuzendariak, CGTren salaketaren ostean

Erredakzioa 2019ko uzt. 22a, 11:23
Trebiñuko ikastetxe publikoan "legez kontrako egoera" salatu du CGTk. ALEA

Eskola publikoko psikopedagogoa kaleratu du Gaztela eta Leongo Hezkuntza Kontseilaritzak.

Trebiñuko eskola publikoko zuzendariak kargua utzi du, "arrazoi pertsonalak" medio, eta ikastetxeko psikopedagogoa kaleratu du Gaztela eta Leongo Hezkuntza Kontseilaritzak. CGT sindikatuak duela bi urte jarritako salaketaren ostean etorri dira kargu-uztea eta kaleratzea. "Hiru hamarkadaz egon da Trebiñuko Konderriko haur eta lehen hezkuntzako eskola legez kontrako egoera batean", azaldu du CGTk. Ikastetxeko hainbat gurasok eta irakaslek bultzatu dute salaketa.

Izan ere, CGTren arabera, Trebiñuko ikastetxe publikoko psikopedagogoa "apetaz aukeratu zuten, Administrazioaren kontrolik gabe", eta zuzendariaren inguruan ere "makina bat irregulartasun" salatu dituzte. Sindikatuak  nabarmendu duenez, "bien artean, urte luzez, irakaslegoa egoera jasanezinean jarri dute eta ikasleek berariazko arreta jasotzeko duten oinarrizko eskubidea urratu dute". 

Gaztela eta Leongo Hezkuntza Ikuskaritzan, Burgosko Hezkuntza zuzendaritzan, Espainiako Hezkuntza Ikuskaritzan, baita Adingabeen Fiskaltzan ere salaketak aurkeztu ditu CGTk azken urteetan, eta Ikuskaritza lau aldiz egon da ikastetxean, egoera aztertzeko asmoz. Azkenik, ikasturtearen amaierarekin batera jakinarazi dio Hezkuntza sailak CGTri Trebiñuko zuzendariak kargua utzi duela, eta psikopedagogoa kaleratzea erabaki dutela. 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide