Muga naturalak ditu: iparraldean, Gasteiz mendiak; ekialdean, Izki ingurua; eta hegoaldean Ihudaren arroaren mendixkak.
Trebiñu izenaren jatorriaren inguruan hainbat teoria badaude ere, Julio Caro Barojarena da onartuena: erromatarren garaiko trifinium (hiru muga) hitzetik omen dator, bertan kokatzen zelako barduliar, karistiar eta autrigoi tribuen arteko muga.
Historioari dagokionez, XI. mendean San Faustoko monasterio bat zegoela uste da; eta 1161. urtean, Nafarroako Antso VI.a Jakitunak forua eman omen ziola Trebiñuko hiribilduari, gaztelakoen mehatxupetik hobeto defendatzeko. Hala izatekotan, Nafarroako Erresumaren hiribildu arabar zaharrena litzateke. 1200. urtean, baina, Gaztelaren menpe geratu zen herria.
1366ko apirilaren 8an Henrike II.a Gaztelakoak Pedro Manrique I.a Larakoari eman zion hiribildua, jaurerria izatera pasatuz; eta 1453. urtean Gaztelako Juan II. ak konde titulua eman zion Pedro Manriqueren birbiloba Diego Gomez Manriquezi, Trebiñu konderria bihurtuz. XVI. mendean herri erdian dagoen jauregia eraiki zuten Manrique Laratarrek; gaur egun horren zati bat geratzen da zutik eta Trebiñuko Konderriko udaletxea dago bertan.
Monumentu multzoa
1983. urteaz geroztik monumentu multzoa dira Trebiñuko Erdi Aroko kale estuak eta eraikin ederrak. Manrique Laratarren jauregitik metro gutxi batzuetara, San Pedroko parrokia dago. Mendeetan zehar izan dituen berritze-lanen eraginez eraikinak itxura gotikoa badu ere, XIII. mendeko atari erromaniko ederra du herriko plazara begira, eta aurrealdean Andre Mari Zuriaren harrizko irudia, haurrarekin, herensugea zapalduz.
Betidanik nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutako herria izan den arren, gaur egun, baina, oso gutxi dira bertan lan egiten dutenak; nekazari gehienak 50 urtetik gorakoak dira. Gainerakoak kanpora doaz egunero, batez ere Gasteizera.
Fitxa:
Kuadrilla: Trebiñuko barrendegia.
Udalerria: Trebiñuko konderria.
Biztanleak: 190 (2018ko INEren datuen arabera).
Bitxikeria: Uztailaren lehen asteburuan Euliaren azoka egiten dute urtero. Abere azoka aspaldi, artisau eta elikagaiena da gaur egun.