Espainiako diktadorearekin zerikusirik ez duen toponimoa da Franku. Izan ere, hainbat adituren arabera, Erdi Aroko antroponimo batean du jatorria herriaren izenak. Hala, 1136ko Donemiliagako glosetan, Francus izena jasota dago, eta Donemiliaga Kukulako Goldean (1025), berriz, Prangu. Errioxako eskuizkribuan, gainera, bi herrien berri ematen da: Franco de Suso eta Franco de Yuso.
Gorabehera handiak bizi izan ditu Frankuk historian zehar. Hala, Trebiñuko hiribilduaren sorrerarekin batera (1161), inguruan zeuden hainbat herri desagertu ziren, tartean Franco de Suso eta de Yuso. Hala, 1415. urtean, biztanle gutxi batzuk geratu ziren bertan: "en Franco hun morador" eta "en Franco cinco moradores". Hurrengo urteetan herriak hustu ziren eta mendiak, soroak zein bestelako ondareak Trebiñuren esku geratu ziren. Alta, gerora, berreskuratu zuten garaiko Franco de Suso, eta 1930ean, Espainiako lehen erroldaren arabera, 80 lagun bizi ziren Frankun. Azken urteetan, gainera, Trebiñura bigarren etxebizitzaren bila joandako gasteiztar ugariren eskaerari erantzuteko txalet-urbanizazioa eraiki zuten Frankun, Trebiñura doan errepidearen beste aldean.
Kuadrilla: Trebiñu.
Udalerria: Trebiñu.
Biztanleak: 68 (2018ko INEren datuen arabera).
Bitxikeria: Elezaharretako Cid pertsonaiaren emazte Jimenak Frankuko errota behin baino gehiagotan bisitatu zuela diot