Trebiñun du ALEAk lekukoa

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko api. 2a, 10:02

Mikel Arribas, ALEAren kilometroa hasiko den tokian. PHOT.OK

Apirilaren 9an, 22:05ean, hartuko du lekukoa ALEA aldizkariak; Frankutik Trebiñurako bidean, 21. Korrikaren erdialdean. Gasteizen, berriz, apirilaren 14an, beste eragile euskaltzaleekin batera arituko da.

 

Frankutik Trebiñurako bidean, Junta de Castilla y Leon Km 10 dioen seinale zuri-laranjan hartuko du ALEAk 21. Korrikako lekukoa. Apirilaren 9an, gaueko 22:05ean izango da. Egun batzuk beranduago, Gasteizen, herrialdeko hainbat eragile euskaltzalerekin batera, bigarrenez izango da ALEA Korrikan.

Hain zuzen, euskararen aldeko lasterketaren erdialdea markatzen duen 1280. kilometroa korritzea egokitu zaie ALEAko lagunei. Askartza herriko Trebiñu sagardotegiko lagunen partetik jasoko dute lekukoa, eta Trebiñuko Batzar Administratiboko Luciri pasako diote, herrigunean sartzeko aldapa pikoa igaro eta gero.

21:45ean da hitzordua

Aurtengo edizioan, Mikel Arribas Trebiñuko euskaltzaleari "lapurtu" dio kilometroa ALEAk, eta Arribasekin eta animatzen diren ALEAkide guztiekin batera egingo du kilometroa Arabako euskarazko hedabideak. Hitzordua 21:45ean da, Askartza eta Trebiñu herrien artean dauden nekazaritza pabiloietan. "Trebiñuko hizkuntza zaharraren alde eta euskarazko kazetaritzaren alde, gurekin batera kilometro bat egitera animatu nahi ditugu arabar guztiak", esan dute ALEAko lagunek.

"Euskarazko kazetaritzaren alde, kilometro bat egitera animatzen zaituztegu"

Hamabigarrenez igaroko da Korrika Trebiñutik, eta aurten, 25 kilometro egingo ditu bertan. Arribasek azaldu duenez, urrats handia egin zuten trebiñarrek duela zortzi urte, euskararen aldeko lasterketa Trebiñutik  abiatu zenean. "Ahaztezina" da une hori militante euskaltzalearentzat, alabarekin batera, Gutxisolo elkartearen izenean lehen kilometroa egin zuelako: "Lan eskerga egin genuen, baina pena merezi izan zuen. Errepikatuko nuke". Gogoan ditu ere hasierako edizioetan gainditu behar izan zituzten trabak, Guardia Zibilak kilometroak markatzen dituzten kartelak kendu zituenean, esate baterako. Urte luzez, Uda eta Gutxisolo elkarteek egindako lana azpimarratu du Arribasek. Egun, ordea, elkarteak desagertu ondoren, "lan taldeak antolatzen ditugu, deialdien inguruan". Hala, dozena bat lagun daude lan taldean eta beste 50 laguntzeko prest.   

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago