Guztira, 300.000 eurotik gora inbertituko dituzte Arabako eta Burgosko diputazioek San Esteban Trebiñuko parrokiaren eta Billa Toberako San Vicente elizaren teilatuen konponketa ordaintzeko, eta Argantzungo San Juan Evangelista antzinako ospitalean gizarte-zentro bat kokatzeko proiektuaren hirugarren eta laugarren zatiak finantzatzeko. Gasteizko Gotzaindegiak bi elizetako obrak ordaintzen lagunduko du; eta Argantzungo Udalak ospitalean egin beharreko lanen zati bat ere bere gain hartuko du.
Urte hasieran onartu zuten diputazioek obra hauei zuzendutako diru partidak handitzea. San Juan Evangelista ospitale zaharraren fatxadaren paretak konpontzeko, printzipioz, 83.822,15 euroko inbertsioa aurreikusita dago, eta barruko egitura behar berrietara egokitzeko 138.540,69 euroko partida onartu dute. Modu horretan, urte luzez geldituta egon ondoren, zentro sozial berria egiteko lanek aurrera egingo dute. Izan ere, 2010. urtean eraikin zaharraren birgaitzearen lehiaketa enkantera atera zuen Gaztela eta Leongo Juntak, eta bi urte geroago bertan behera utzi zuen lehiaketa, "finantziazio faltagatik".
Argantzungo Udalak liburutegia, adinekoentzako zentro bat eta Donejakuera doazen erromesentzat aterpetxe bat kokatu nahi ditu bertan.
Bestalde, San Esteban elizaren teilatua konpontzeko Arabak 10.000 euro zuzenduko ditu, Burgosek 50.000 euro eta Gotzaindegiak 49.000 euro. San Vicenteko konponketak egiteko, berriz, Arabak beste 10.000 euro jarriko ditu, Burgosko Diputazioak 50.000 eta Gasteizko Gotzaindegiak 48.500 euro.