Arabako arte erromanikoaren harribitxia da San Vicentejoko eliza (Trebiñu), baina, eraikin historiko guztietan gertatzen den bezala, eraikinaren inguruan bildu ziren istorio asko historiaren iluntasunean geratu dira, betiko galdurik. Halere, ikertzaileek ez dute amore ematen, eta eraikin horietatik informazioa kosta ahala kosta eskuratzen ahalegintzen dira; batzuetan, duela gutxira arte irudiezinak ziren metodoak baliatuta. Metodologia berri horietako batean dabil, buru-belarri, Amaia Mesanza topografoa.
Gaur egungo zientzian horrenbeste alegrantzia ekarri dituen diziplinartekotasunaren adierazle da Mesanza: Gasteizko Ingeniaritza Eskolan topografia irakasle izateaz gain, EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa taldeko kidea da, eta eraikin historikoak aztertzeko metodologia berritzailea txukuntzen ari da.
"Gure hipotesia zen grafikoan zeuden erpin horien atzean zergatia bazegoela". Amaia Mesanza, topografoa
Eraikina eskaneatuz, prozesu horretan sortzen diren datu andanatik informazio baliogarria eskuratzen saiatzeko aukera zegoela ikusi zuen adituak. Horri buruzko tesia egin zuen Mesanzak, eta gaiari buruzko liburu bat prestatzen ari den arren, lehen emaitzak Arqueología de la Arquitectura zientzia aldizkarian bildu ditu, Agustin Azkarate eta Ismael Garcia-Gomez arkeologoekin batera sinatutako artikulu batean. 12 milioi puntuz osatutako eredua baliatu dute, 5 eta 10 milimetro arteko bereizmenarekin. Artikuluan proposatu dute altxaeren irakurketa estratigrafikoak egitea oso baliagarria izan daitekeela arkeologian, eta San Vicentejon eskuratutako emaitzak balio horren adibidetzat aurkeztu dituzte. Laser eskanerra erabili du Mesanzak oso denbora gutxian milioika puntu eskuratzeko, eta horietan abiatuta data mining edo datu-prospekzioa egin du: datu andana batetik informazioa erauzteko balio du teknika horrek.
Datuak landu
Puntu horiek eskuratzea erraza izan bazen ere, ondoren datu horiek lantzea zailagoa izan zela aitortu du topografoak. "Harri bakoitza neurtu dugu, eta harri guztien forma taula batera eraman dugu: luzera, zabalera, perimetroa, zentroidea edota bi diagonalak, esaterako". Hurrengo pausua sistema "entrenatzea" izan da, algoritmoak sortzeko. Horretarako, Armentian eta Gasteizko Santa Maria katedralean bildutako datuak erabili dituzte. Funtsean, teknika honen helburua da softwarea gai izatea harri motak bereizteko eta ezaugarri komun batzuen arabera sailkatzeko.
"Horretarako, lehenik eta behin harri bereziak kendu behar izan ditugu: dobelak, arkuak eta abar... modu horretan multzo homogeneoak lortu ditugu". Lehenik eta behin, harlangaitza eta harlandua sailkatzeko trebatu zuten softwarea. "Aldagai guztiak aztertzen hasita, ikusi genuen horiek bereizteko daturik esanguratsuena altuera zela".
Hortaz, altuera batetik gorakoa harlanduzkoa izango zela zehaztu zuten. Bigarren aldagaia area-diferentzia izan zen. "Harriaren gainazal inguratzailea eta harria bera bereiztea izan zen gakoa. Harria bada, diferentzia txikia izango da, eta, harlangaitza bada, handia". Modu horretan, sistema trebatu dute, sailkapena modu automatikoan egin dezan. Harri guztiak batera jarrita, datu-prospekzioko softwarearen bidez ateratako emaitzen grafikoa erakutsi du Mesanzak. "Hemen erpin batzuk agertzen dira, eta gure hipotesia zen, noski, erpin horien atzean zergatiren bat bazegoela".
Bost multzo
Hasierako hipotesi hori berretsi dute: orotara, ikerketak bost harri multzo ondorioztatu ditu, eraikuntza fase bakoitzaren adierazle. "Estatistikak esan zigun harri horiek guztiak desberdinak zirela, baina, datu hutsekin, nik ezin nuen interpretazio arkeologiko bat egin; hau da, ezin nuen jakin zein den elizaren eraikuntzaren sekuentzia". Diziplinartekotasunaren mirariak, hor izan du taldeko kideen laguntza: Agustin Azkarate eta Ismael Garcia-Gomez arkeologoak arduratu dira lan horretaz. Datu horien hurrenkera interpretatu dute, eta fase bakoitza elizaren zein tokitan izan zen zehaztu dute.
Harri bakoitza sailkatzeko orduan algoritmoek akatsen bat egin dute. "Begira, harri hau dobelatzat hartu du sistemak, baina ez da hala". Dena dela, ikuspegi globala arkeologiaren eta arkitekturaren logikarekin bat dator, bete-betean. Zentzu honetan, metodologia da garrantzitsuena: San Vicentejon ireki duten bide honi etorkizun oparoa ikusten dio Mesanzak. "Aurreneko aldia da hau munduan egiten dena", nabarmendu du adituak. Oraingo erronka da metodologia hori eraikin gehiagotan frogatzea. Argentinako eraikin batean antzeko zerbait egiten saiatzen ari dela aurreratu du adituak.
Kasu hori, baina, desberdina da, adreiluzko eraikina delako. "Hor informazio historikoa ere sartu ahal dugu tartean, garai bakoitzean adreiluak tamaina desberdinetan egiten zirela badakigulako. Gainera, adreiluen kasuan, altuera baino, luzera da faktore garrantzitsuena". Baina atzean dagoen filosofia berdina da: adimen artifizialaren teknikak erabiltzea arkeologoek eta historialariek iragana argitzeko laguntza izan dezaten. Ikerketa artikuluan bertan laburbildu dute horren beharra. "Zalantzarik ez dago: gurea hasierako urrats txiki bat besterik ez da, baina aukera ematen digu susmatzeko zein den irekitzen den bidearen norabidea: adimen artifizialarena eta sistema adituena".