Bi portada erromaniko ditu Uzkioko Jasokundeko elizak; ikusgarriena eskuinean dago, baina ez da bertakoa, Otxatekoa baizik. Izan ere, 1964. urtean, Otxateko San Miguel elizatik harriz harri desmuntatu zuten eta traktore batean eraman.
Polemika garratzaren ostean etorri zen lekualdaketa. Hamarkada luzez abandona- tuta egon eta gero, Arabako Foru Aldundiak eta Imiruri herriak Otxateko elizaren portada erreklamatu zuten, hondamenditik babesteko asmoz. Hilabete luzeko ezta- baida etorri zen, baina ez ziren ados jartzen; hortaz, 1964. urtean Uzkioko apaizak auzia indarrez amaitu zuen: igeltserotza enpresa bat kontratatu zuen eta harriz harri eraman zuten Otxateko portada Uzkiora; bi asteko epean portada hori Jasokunde elizan muntatu zuten.
Ordutik, Trebiñuko erromaniko berantiarrari buruz hitz egiten denean, erreferentzia nagusi den San Vicentejoko baselizarekin batera, Uzkioko elizaren Otxateko portada aipatzen dute.
Herriko ondareaz gainera, Uzkio bera eta kilometro gutxira dagoen Imiruri herriek Otxatetik alde egin zuten bizilagunak ere hartu zituzten, XIX. mendean. Otxateren hondamendia azaltzeko asmatutako kondaira beltzak, izurriteak eta madarikazioak aparte utzita, egoera ekonomiko kaskarra izan zen Trebiñuko hainbat herriren desagertzearen arrazoi nagusia, Otxate barne. Izan ere, Erdi Arotik herria zeharkatu zuen mandazainen bide nagusia Guardia eta Gasteiz lotzeko egindako Errege Bide berriak ordezkatu zuen; eta ordurarte Otxatetik ibili ziren mandazainak Uzkio eta batik bat Imiruri aldera mugitu ziren. Hala, XX. mendearen hasieran Otxate erabat husten ari zen bitartean, Imirurik inoizko biztanle zenbateko handiena lortu zuen.
Egun, gainerako Trebiñuko herrietan gertatzen den bezala, Uzkioko eta Imiruriko bizilagun gehienek Gasteizen lan egiten dute, eta aste osoan herrietan bizi direnak dira gehienbat nekazaritzan aritzen direnak.
Fitxa:
Kuadrilla: Trebiñu.
Udalerria: Trebiñu.
Biztanleak: 12 (2018ko INEren datuen arabera).
Bitxikeria: Aramendi barrutiaren inguruan, "diruaren soroan", frantsesek edo karlistek lurperatutako altxor bat dago.