Zazpi hilabeteko epean berritu beharko dute Peña Maria tunela

Erredakzioa 2018ko urr. 12a, 07:00
Peña Maria tunela, Argantzun parean.

A-1 autobiako tunelak ez ditu Europako Batasunak agindutako segurtasun arauak betetzen.

Erabiltzaileentzat ihesbideak, aireztapen sistemak, larrialdietarako postuak eta seinale hobeagoak izan beharko ditu A-1 autobiaren 335. kilometroan dagoen Peña Maria tunelak zazpi hilabeteko epean. Argantzun parean dago 500 metroko tunel hau, eta zirkulazio handia jasotzen du egunero.

Peña Maria tunelean berritu behar diren alderdiak Europako azpiegituretan segurtasuna bermatzeko zuzentarauan jasota daude; 2006. urtean onartu zuen Espainiako gobernuak, eta 2014. urtean bete zen  tunelak araudi berrira egokitzeko epea. Alta, epea luzatzea eskatu zuten hainbat gobernuk eta datorren urteko apirilean amaituko da azpiegiturak egokitzeko epea.

635/2006 errege dekretuaren arabera, tunel guztietan egon behar dira erabiltzaileak autoak utzi eta toki seguru batera joan ahal izateko ihesbideak. Halaber, tunelaren paretan kabina edo nitxo bat egon beharko dira gutxienez telefonoa eta itzaltzaileak dutenak. Azpiegitura hauek aireztapen sistema arfitizialak izan behar dituzte, autoek igortzen dituzten kutsagarriak kontrolatu ahal izateko, eta halaber, istripu batek eragin dezakeen kea eta beroa kontrolatzeko. Sua eta auto-istripuak atzemateko sistemak ere izan beharko ditu. Argiztapena ere hobetu beharko da Peña Marian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide