Udarako planak, Araban

Isilka, Trebiñuko basoetan

Erredakzioa 2018ko abu. 21a, 07:00

Udako beroaldietan Baxauriko eta Obekuriko pagadia eta ameztia ezin aproposagoak dira eguna igarotzeko; isilka ibiliz gero, gainera, Izkiko mendien izarra diren okil ertainak eta handiak entzun ahalko ditugu.

Baxauri eta Obekuri herrien artean zabaltzen diren pagadia eta ameztia toki paregabeak dira udako beroak itotzen gaituenean paseatzeko. Errekastoak eta pago altuek zainduta ibili ahalko gara Baxauriko basoan, eta ameztiak lagunduta Obekuri aldean. Inguruok, gainera, hainbat hegaztiren babesgunea dira; okil handiak, okil ertainak, gabiraiak, edo aztore arruntak ikusi eta entzuteko parada izango dugu, isilka ibiliz gero.

Okil ertaina da, hain zuzen, Baxauriko eta Obekuriko basoetako eta ondoan dagoen Izkiko natur parkeko izarretako bat. Iberiar Penintsulako okil ertainen populazioaren %30 eremu horietan bizi baita. Halaber, Obekuriko presak eta Baxauriko Ramuza urmaelak hainbat hegazti erakartzen dituzte uda partean, eta patxadaz hartzen badugu, ahateren bat agertuko da, seskadien artean. Berez, barrualdeko turismoa eta ornitologia bultzatzeko asmoarekin, orain dela lauzpabost urte ibilbide ornitologiko bat egokitu zuten bi herriren artean.
Halaber, ibilbide horren zati batekin bat egiten duen txango zirkularra dago; berdin irten daiteke Obekuritik edo Baxauritik. Obekuritik abiatuz gero, argibide taula bat aurkituko dugu, asfaltoaren ondoan, xehetasunak eskuratzeko oso aproposa. Teileria bideari jarraituko diogu, Obekuriko presara hurbilduko gara, eta ameztien baso ederra zeharkatuko dugu.
Baxauritik, berriz, frontoiaren alboan igaroko gara herritik ateratzeko, eta Ramuzako urmaelaren bideari heltzeko. Baltsaren eskuinetik doan bideari jarraituko diogu, eta berehala Ramuzako pagadiak bete-betean hartuko gaitu. Pago altuek eta errekatxoaren soinuak inguratuta ibiliko gara kilometro eta erdi inguru, harrizko zubi bat ikusi arte. Errotaranako ibarrean gora hasiko gara orduan.


Izkiko mendiak

Baxauriko eta Obekuriko baso kaduzifolioak Izkiko parke naturalaren ondoan daude, nahiz eta Gaztela eta Leongo administrazioaren menpe egotegatik ez diren Arabako parkearen barruan sartu ahal izan. Gaztela eta Leongo administrazioak, oraingoz, ez du Trebiñuko basoak babesteko tresnarik bultzatu.
Dena den, historikoki, Izkiko basoak elkarrekin kudeatu dituzte inguruko herriek, izan Mendialdekoak edo Trebiñukoak. Hala, XIX. mendera arte Bernedo, Arraia-Maeztu eta Trebiñuko Konderriko hamabost herriren artean erabakitzen zituzten Izkiko basoek eta lurrek zer erabilera izango zuten, Izkiko Mendiaren Ordenantzak oinarri hartuta.
Hala, Izkiko Mendien Partzuergoa bi batzarretan banatuta zegoen: beheko Izkin elkartzen ziren Apinaiz, Maeztu, Korres, Durruma Kanpezu eta Arluzea. Goiko Izkin, berriz, Urturi, Urarte, Kintana, Markiz, Rituerto, Paritza, Albaita, Baxauri eta Obekuri. Urtero, ekainaren 11n, herri bakoitzak aukeratutako "mendiko alkate" bat joaten zen Axkorriko gainean egiten zen batzarrera. Galdutako batzarrak oroitzeko ekitaldia egin zuten 2006. urtean, eta, XIX. mendean bezala, Obekuritik igo ziren mendiko alkate guztiak Axkorrira. Izkiko Mendien Partzuergoak herrien kulturan izan duen garrantziari buruz hainbat ikerketa egin dira azken urteetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide