Araba Euskaraz 2018

Eguzkia ere batu zaio festari

Erredakzioa 2018ko eka. 17a, 16:42

Milaka euskaltzale bildu dira Argantzunen, ikastola babesteko.

Trebiñun kokatutako herri txikia ezohiko itxurarekin esnatu da gaur, milaka euskaltzale bertaratu baitira Argantzun Ikastolako proiektuari bultzada ematera. Eguraldiak lagundu du ere, eta, azkenean, eguzkia ere atera da: txubaskeroak gerrira lotzeko egun aproposa izan da.

Esperokoa zen bezala, festa eta lasaitasun giroa nagusitu da, antolakuntza lanetan ibili direnentzat izan ezik: trafiko uholdearekin moldatu behar izan dira, ahal izan duten moduan. Estu eta larri ibili dira ere Erronkan parte hartu duten gazteak. Papertxo bat eskuetan, eta kolorezko kamisetak jantzita, leku batetik bestera ibili dira, aztarnen bila. Mimika izan dute aurreneko egitekoa, eta horrekin hitz bat asmatu behar izan dute.

Estu eta larri, eta gauzak ahal duten moduan asmatzen hamabost urte daramatzate Argantzun Ikastolako arduradunek. Haientzat, aurtengo erronka nagusia Manzanos herrian hezkuntza proiektuari segida ematea da: bertako auzo etxea baliatuko dute Lehen Hezkuntza ematen jarraitu ahal izateko. Etorkizuna bermatzeko, Jaurlaritzarekin prestatu duten ituna "gako" izango dela babestu du Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek. Itun hori tramitazioan dagoela eta "berehalakoan" martxan egongo dela esan dio ALEAri. "Hain baldintza kaxkarretan" ikastola martxan jarri zuten gurasoei eta irakasleei babesa luzatu die. Azpimarratu du ikastolaren proiektua bi zentzutan dela beharrezkoa. Herrian euskara hitz egin dadila bermatzeko eta gazteak herrian errotzeko. "Gasteizera ikastera joaten badira, oso zaila izango da gazte horiek gero haien herrian mantentzea".

Aurtengo jaia abian dela, hurrengo hitzordurako prestaketak hasiak dira. Gasteizek hartu baitu, hain zuzen,  datorren urterako lekukoa: 2019ko Araba Euskaraz Armentian ospatuko da.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide