Hitz bakar batean bildu dute igandean helarazi nahi duten mezua: Irrikitan. Hamabost urtetan egindako lan zaila partekatzeko irrikan daudelako, eta etorkizunari begira diseinatutako bidea ezagutarazteko. Mugak eta trabak gainditzeko irrikan, finean.
Inori ez zaio pasako Trebiñuren egoera Euskal Herriaren bihotzean iltzatutako anomalia erraldoia dela, eta, hortaz, bertako ikastolaren egoera ere ez dela ohikoa. 2003ko urrian proiektua abiatu zenetik, egindako bidea ez da samurra izan. Ofizialtasunik gabeko eremu batean egoteaz gain, ikastola txikia izateak berezitasun asko ditu. Modu sinplean adierazi daiteke hori, eta hala egin dute. "Ikastola txikietan, dagoena dago. Eta ez dagoena, ez dago". Kito. Ondorioetako bat da, noski, irakasleek denetariko lanak egin behar dituztela. Denetarikoak. Baina txikitasunak ere handitasuna dakar berarekin batera. Gertutasuna. Erakunde handietan, horretan ez dute lehiatzerik.
Gertutasun hori lagun, buru-belarri ari dira Trebiñun euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko lanean. Euskal Herri osoan euskara errealitatea izan dadin egindako puzzle erraldoian pieza zailenetako batekin ari dira. Ez da erraza. Abestietako leloek eta igandeetako diskurtsoetan esandakoek ez dute beti hain ondo funtzionatzen astelehen goizeko lehen orduetan. Errealitatea tematia da, eta egoera iraultzeko moduak askotarikoak dira. Horregatik, eta ametsak alboratu gabe, amets horiek gauzatzeko taktikarekin eta estrategiarekin jokatu behar izan dute. Izan ere, ofizialtasunik gabeko lurralde batean euskara bermatzeak horrelakoak behar ditu, besteak beste.
Haur Hezkuntza eskaintzen dute ikastolan, baina Lehen Hezkuntzara helduta umeak Langraizera edo Armentiara joan behar dute ezinbestean. Laster, ordea, Argantzun ikastolan jarraitzeko aukera izango dute. Realpolitik-aren bidea urratzea erabaki dute ikastolako arduradunek. Hanka bat Trebiñun mantendu, baina beste hanka bat Argantzundik hamaika kilometrora zabaldu dute. Araba "ofizialean" kokatuta dagoen Manzanos herrira, hain zuzen. Bertako udalarekin akordioa lortu dute, eta gizarte etxea erabiltzeko modua izango dute. Noizbait beren-beregi prestatutako eraikina izateko ametsa mantentzen dute, baina, momentuz, hasierako bidea zabaltzea dagokie. Beste behin ere.
Aurtengo 'Erronka', zabalagoa
Igandean bertaratzen direnek hau guztiaren berri izan dezaten saiatuko dira ikastolako arduradunak eta Trebiñuko euskaltzaleak. Festa berari dagokionez, hiru gunetan banatu dute igandeko eskaintza zabala: herria, hizkuntza eta bihotza.
Ohi bezala, garraio publikoa izango da Argantzunera hurbiltzeko modurik erosoena. Bost euroren truke, tren bereziak prestatu dituzte. 10:00etan eta 11:15ean aterako dira Gasteiztik, eta 17:00etan eta 19:19an izango da buelta. Ticketak Parral eta Koska tabernetan, Armentia ikastolan eta Arabako ikastolen egoitzan eskuratu ahal izango dira.
Azken jaietan ohiko elementu bilakatu den Erronkak berritasun bat izango du aurten. Orain arte, ikastolen arteko harremana sustatzea helburu duen jarduera 12-16 urte bitarteko gazteei irekita zegoen, baina iganderako adin tartea zabaldu dute. 3 urte baino gehiago dituzten haurrek parte hartu ahal izango dute orain.
Adin tarte bakoitzak gune propioa izango du. DBHkoak orain arte bezala arituko dira, baina Haur Hezkuntzakoek gurasoekin batera egoteko moduko eremu bat izango dute. Lehen Hezkuntzakoak, berriz, taldeka arituko dira.
Gustuak gustu, gune bakoitzean janari mota berezi bat aurkitu ahal izango da: atuna lehen gunean, Eusko Label produktuak eta barazki parrillada bigarrenean, eta paella hirugarrenean.
Aurten, gainera, dena prestatu dute zeruari begira egon behar ez izateko, paisaiaz gozatzeko ez bada, bederen. Eguraldiaren aurreikuspenak eguraldi goibela izango dela dio, baina euririk ez dute iragartzen. Halere, euria izatekotan, hainbat karpa erraldoi prestatu dituzte, eguraldia arazo izan ez dadin.
Libe, La Pulga edota Glaukoma bezalako talde ezagunez gain, herrialdeko talde hasiberriak ezagutzeko aukera egongo da: Orbanak, Trago Bakoitzean, Nakba eta Duluth dira horiek. Pirritx, Porrotx eta gainerako irrien lagunak Bonberenea txarangarekin batera ibiliko dira, gune batetik bestera, giroa alaitzen. Horrez gain, halako festa batean ezinbestekoak diren osagaiek beteko dute eguna: trikitilariak, bertsolariak, pilotariak, dantza plaza, antzerkia...haur zein helduen gogoa asetzeko moduko egitaraua, beraz.