Gure bazterrak

Argantzon: Uharte administratiboa

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko eka. 15a, 19:30
Argantzun Zadorra ibaiaren ertzean dago, Done Jakue bidean. PHOT.OK

Trebiñuko egoera administratiboa traba handia da eskualde osoko garapen ekonomikoa eta soziala bermatzeko.

Arabako Lautada eta Burgosko Bureba arteko igarobide naturalean kokatuta dago Argantzon, A-1 errepidearen eta Irun-Madril tren-linearen parean; garraio sare nagusiaren alboan kokatuta egoteak, halere, ez dio lagundu ehun ekonomikoa suspertzen. Arabako parte izanik, Gaztela eta Leongo gobernuaren menpe egotea larrutik ordaindu du Kuadrillak. Udalerria bi herrik osatzen dute: Billa Oka eta Argantzon bera. Batik bat nekazaritzan lan egiten dute biztanleek, baita azken urteetan sortu diren hirugarren sektoreko enpresa txikietan ere. Herriak egoera larria bizi izan zuen 1980. hamarkadan; nekazaritza iraultzak eta mekanizazioak eskulanaren soberakina sortu zuten eta populazioaren erdia galdu zuen Argantzonek, jendeak hirietara jo baitzuen bizi baldintza hobeagoen bila. Alta, 1990. urteko hamarkadatik aurrera etxebizitza berriak eraikitzen hasi ziren, eta Gasteizko jende asko joan zen bertara bizitzera. Biztanleria igo egin zen, bai, baina biztanle berriek hirian erroldatuta jarraitu zuten, zerbitzuen aldetik abantaila gehiago dituelako hiriak herriak baino, eta traba burokratiko gutxiago. Irla administratiboa izanik ere, Argantzun ez da inoiz irla geografikoa edo soziokulturala izan Araban, eta, beraz, euskararen galera Trebiñun euskarak Araban izan duen atzerakadarekin batera dator, Roberto Gonzalez de Viñaspre euskal hizkuntzalari eta euskaltzainak nabarmendu moduan. Herrialdearen historiaren lekuko pribilegiatua da Argantzon, bertako arroila antzinatik izan baita igarobidea. Hortik pasatzen da erromatarrek eraiki zuten Astorga eta Bordele arteko galtzada, balio geo-estrategiko handia izan duena mendetik mendera. Hiribildua Antso Jakituna Nafarroako erregeak sortua da, 1191n. Eraikin aipagarrienak Andre Mariaren Jasokundearen eliza, zubi erromatarra, Done Jakue bideko ospitalea eta Antiguako Amaren baseliza dira.

Fitxa: 

Kuadrilla: Trebiñu.

Udalerria: Argantzon.  

Biztanleak: 502 (2017ko INEren datuen arabera).

Bitxikeria: Araban sartzeko nahia 1646an dokumentatu zuten lehen aldiz. Hurrengoa 1710ean, eta, geroztik, gaur egun arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide